Mikel Zabalzaren eta torturatu guztien omenezko Mikelen Txokoa inauguratuko dute larunbatean
35 urte bete dira Mikel Zabalza Altzako bizilagun orbaizetarra Bidasoa ibaian tortura zantzuekin hilik agertu zenetik, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteletik pasa ondoren. Urteurrena dela eta, Mikel Zabalza Herri Ekimenak hainbat jarduera eta omenaldi egin ditu azken asteotan, eta larunbatean, hilaren 19an, egingo diote omenaldirik handiena Zabalzari. Izan ere, Mikelen Txokoa izeneko gunea inauguratuko dute Altzako San Martzial plazan, Zabalzaren omenezko monolitoa dagoen tokian.
Zabalza oroitzeaz gain, torturatu guztiak ere oroituko dituzte Mikelen Txokoan, torturaren aurkako gune bat izango da. Monolitoaren horman eta ingurukoetan irudiak eta panel iraunkorrak jarriko dituzte, Zabalzaren omenezko eta torturaren aurkako mezuekin. 12:30ean egingo dute inaugurazio ekitaldia.
Horretaz gain, Donostiako Udalak ere omenduko du Zabalza, hiriko Tranbia Konpainiako langilea baitzen. Udalaren omenaldia ere bihar izango da, udal batzar aretoan, 11:00etan.