Udalbatzak aho batez babestu du Bidebietako Kutxabanken bulegoa irekita mantentzeko eskaera
EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean, Kutxabank bankuari eskatuz Bidebietako bulegoa irekita mantentzeko, eta udal talde guztiek babestu zuten eskaera, aldeko botoa emanez. Hain justu, orain arteko eguneroko ordutegi eta aukerekin irekita mantentzeko, edo, hori ezinezkoa balitz, astean egun batzuetan irekita edukitzeko eskatzen zuen EH Bilduren mozioak.
Bidebietako Auzokide auzo elkartearen aldarrikapen batetik dator eskaera, auzoko sukurtsala itxi ondoren, 1.202 sinadura bildu baititu auzo elkarteak, bulegoa berriz irekitzeko eskatzeko. Izan ere, auzoko bizilagun askok, adinekoek eta mugikortasun arazoak dituztenek, besteak beste, ezin dituzte banku kudeaketan egin, auzoko bulegoa itxita baldin badago. Hain zuzen, hedabide honek auzoko bizilagunekin hitz egin zuen azaroan, arazoaren nondik norakoak ezagutzeko.
Bestalde, EH Bilduk bere mozioan gogoratu du Laboral Kutxak ere auzoko bulegoa itxi duela, eta Kutxabanken kudeaketak egin behar dituzten bizilagunek Trintxerpeko bulegora joan behar dutela, auzotik kilometro batera, gutxi gora-behera. Era berean, oposizioko taldeak nabarmendu du bizilagun askok zailtasunak dituztela banku kudeaketak Internet bidez egiteko, adina edo bestelako faktoreak direla medio.