Torturak eragindako biktimak gogoratuko ditu 'Mikelen txokoa'-k
Mikel Zabalza Herri Ekimenak bultzaturik, torturaren biktimak irudikatzen dituen bi horma-irudi egin dituzte Altzako San Martzial plazan. Mikel Zabalza ez ezik, Ion Arretxe eta Idoia Aierbe ere gogoratu dituzte. Hirurak atxilotuak izan ziren 1985ean, eta torturatuak izan ziren Intxaurrondoko kuartelean.
35 urte bete dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Donostiako autobus konpainiako gidaria atxilotu zuenetik. Atxilotu eta hogei egunera, Bidasoa ibaian hilda agertu zen, tortura zantzuekin. Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko, Mikelen Txokoa jarri dute Altzan, Zabalza bizi zen auzoan. Gaur inauguratu dute txokoa, San Martzial plazan, eta jende andana joan da ekitaldira.
Mikel Zabalza Herri Ekimena egitasmoko Garazi Castañok azaldu du “egun pozgarria” dela: “35 urteren ostean lortu dugu Mikeli aitortza egitea. Duela 35 urte lehengusuarekin eta anaiarekin atxilotu egin zituzten. Altzan eta Orbaitzetan senide eta herrikideeek bere memoria oroitzeko eta egia aitortzeko aurrerapausoak ematen saiatu gara”. Lortutakoa “izugarrizko lorpena” dela adierazi du.
Jose Ramon Zapirain kideak azpimarratu du egitasmoaren ardatzak beti izan direla egia, memoria, aitortza, justizia eta erreparazioa: “Gureak herri ekimen gisa, eta baita herritarrenak ere. Hasiera-hasieratik”. 1985ean Mikel Zabalza atxilotu zutenean bizitakoa ekarri du gogora: “Non dago Mikel? Hau izan zen desagerpenaren berri izan bezain pronto aktibatu zen galdera. Patxi Zabalza, Aitor Zabalza, Manuel Vizcay, Ion Arretxe eta Idoia Aierbe, beraiekin atxilotuak izan ziren. Tortura zantzu argi bezain gordinak genituen, eta mugitzen hasi ginen. Mobilizazioak, interpelazioak, mozioak, herri akusazioak epaitegietan… Presio horrek lehen lorpena ekarri zuen. Esatea gogorra bada ere, herritarren presioari esker Mikelen gorpua berreskuratu zen. Mikelentzat beste destino bat aurreikusita baitzuten Intxaurrondoko Guardia Zibilak eta Garaiko PSOEko gobernuak. Betirako desagertzea, asmatutako istorio baten sinesgarritasunaren mesedetan”.
Egiari Zor Fundazioko Leire Gallastegik exijitu du Zabalzaren kasua argitzea: “Argitu dezatela Bidasoa ibaian hilda agertu zen arte non izan zuten eta noren agindupean prestatu zuten muntaia hura. Lotura guztiak, politikoak, polizialak, judizialak eta mediatikoak ikertu egin behar dira”. Gallastegiren ustez, beharrezkoa da indarkeria mota honen eragileak identifikatzea, eta torturaren biktimei dagokien aitortza egitea: “Horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatzen diegu erakundeei. Luzea da oraindik egin behar den bidea, merezitako egia, justia eta erreparazioa emateko. Memoriaren inguruko politika publikoetan lekua eskatzen dugu torturatuok”. Torturaren inguruko datuak ekarri ditu gogora Gallastegik: “3 milioi biztanleko herrialde batean jada 5.657 tortura kasu egiaztatu dira. Urtean bataz beste 75 pertsona torturatu dira 70 urtetan. Jasandakoaren aitortza eza pairatzen dugu”.
Dbuseko langile batzuek opari bat egin diote Mikelen arrebari, Idoia Zabalzari, eta ondoren, hitza hartu du. Idoia Aierbe eta Ion Arretxe izan ditu gogoan: “Idoia Aierbe duela bi urte hil zen gaixotasun luze baten ondorioz, eta duela lau urte Ion Arretxe, torturari buruzko testigantza paregabea idatzi ondoren. Gertakizun horiek urrun ditugu, oso presente ditugu, ordea, sorrarazi zizkiguten sentipenak. Nahasirik egon ginen desagertuta egon zen bitartean. Informazio kontrajarriak heltzen zitzaizkigun. Hunkiturik geunden, gizarteak Mikel agertzeko exijitzeko emandako erantzunarengatik. Hondaturik, Bidasoan agerrarazi zutenean. Sumindurik, gezur bakoitzarekin. Zorionez, urte hauetan guztietan lagun izan ditugu lagun asko, baita erakunde eta ekimen batzuk ere”.
Idoia Zabalzak adierazi du Mikelen heriotza argitzeko ezinbestekoa dela “ahantzirik ez uztea eta gertatutakoa gogoan izatea”. Mikelen txokoaren garrantzia azpimarratu du Zabalzak: “Orain esan dezakegu horma honetan idatzirik geratu dela egia eta salaketa. Torturak eragindako biktimak hemen daude”.
Gaur goizean Donostiako udaletxean omenaldia egin diote Mikel Zabalzari eta haren senideei. Mikel Zabalza udal langilea zen, eta familiak esker ona adierazi du, alderdi guztien adostasunarekin egin duelako aurrera ekitaldiak. Omenaldian udal taldeen ordezkariak eta Zabalzaren familiartekoak izan dira. Ekitaldira joan dira Gasteizko Gobernuaren Bizikidetza, Giza Eskubide eta Memoria sailburu Jose Antonio Rodriguez Ranz, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Jon Gambra, eta Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxaso.
https://youtu.be/LY-0dqonoJk
Donostiako alkateak nabarmendu duenez, «indarkeriaren biktima izan diren guztientzat beti eskatzen dugu memoria, erreparazioa eta justizia» eta Zabalzaren kasuan «auzia behin betiko argitzeko» beharra gaineratu du.