"Emakumearen gorputzaren formekin jolastu naiz"
Egiako Kraken tatuaje estudioaren ohiko itxura goitik behera aldatu du Maialen Arocena artistak. Arrosa kolorez bete du, eta emakume handi bat margotu erakusleihoan. 'Siete Chicas Rosas' (Zazpi neska arrosa) erakusketa egin du. 'La Bimensual' (bi hilabetekoa) izeneko programaren parte da; hiru lagunekin elkarlanean abian jarri duen egitasmoa da.
Konfinamenduan “konspiratzen” hasi ziren Maialen Arocena, Jabier Rodriguez, Olaia Martinez Altuna Guillermo Jimeno eta Kraken tatuaje estudioko Alejandro Gonzalez Florez. Pandemian zerbait egitea ez zen erraza izango, baina gogotsu zeuden auzoa alaitzeko eta zerbait sortzeko. Eta horrela sortu zen ‘La Bimensual’. Kraken tatuaje estudioa izango zen artea erakusteko lekua, eta bi hilabetero artista batek erakutsiko zuen espazio horretara egokitutako bilduma bat. Maialen Arocenak hasi zuen bidea urrian, eta Olaia Martinezek hartuko du lekukoa urtarrilean.
Nola sortu da ‘La Bimensual’ proiektua?
Konfinamenduan pentsatu genuen: ‘zer egin dezakegu?’ Zerbait egin nahi genuen. Bagenekien pandemia dela eta muga asko izango genituela. Bagenekien baita ere, kultur egitarau ofizialean ez genuela lekurik izango. Zirkuitu horretan sartzea ez da erraza: arte galerietan, kultur etxeetan… Baimenak eskatu behar dira, ideia bat aurkeztu… Paper asko bete behar dira, beraien egutegietara egokitu… Guk argi genuen egin nahai genuela, eta egin dugu. Modu askeagoan egin ahal izan dugu, gure erara eta geure kabuz. Erabaki genuen bi hilabetero artista batek zerbait sortzea. Horretarako auzoko leku bat aukeratu dugu, Alejandroren estudioa. Leku on bat da, eta jende asko pasatzen da aurretik. Forma eman diogu eta hau atera da.
Kaletik ikusten da zure obra, erakusleihoa bera ere margotu baituzu.
Hori da La Bimensual programan parte hartuko duten artistek bete behar duten baldintzetako bat: erakusleihoan zerbait sortzea. Gehiago badira: flash tattooak egitea eta estudioko paretan erakusketa bat egitea. Nik nire marrazkien kuadroak jarri ditut estudioan, eta nire marrazkiak tatuatzeko aukera ere badago. Horrez gain, fanzine bat egin dut, eta kamisetak ere salgai jarri nituen.
Nolako harrera izan du erakusketak?
Jende asko geratu da erakusleihoaren aurrean, eta galdetzera ere sartu da jendea, Kuadroak erostea zailagoa da, eta tatuajeak egitea ere bai, baina kamisetak berehala saldu dira. Barruan lan egin dutenentzat ere pozgarria izan da, aldaketa handia eragin du estudioan. Leku ilun samarra zen, kalaberaz betea, eta orain arrosa kolorez bete dut.
Emakume handiak eta arrosak marraztu dituzu.
Itxialdian sortu nituen. Horrenbeste ordu libre… marrazten hasi nintzen. Emakumeen gorputzak atera ziren: mozorrotuak, jarrera desberdinetan. Ordenatzen hasi nintzen eta bilduma bat egin nuen Krakenen erakusteko. Akrilikoekin eta bi koloretan egin ditut, arrosa eta urdina. Gehien gustatu zaizkidan figurak aukeratu ditut. Handiak dira, bolumen askorekin. Emakumearen gorputzare formekin jolastu naiz.
Siete Chicas Rosas (zazpi neska arrosa) izena jarri diozu erakusketari.
Bai, bilduma bat egin nuen zazpi emakumerekin, eta izen hori jarri diot. Oinarrian ez du ideia zehatzik. Zenbaki horrekin geratu naiz, besterik gabe. Ez dakit, zazpi emakume bilduta, iskanbila handia da, ezta? [barrez] Ez dut aldarri feminista zehatzik egin nahi izan: horrelako formak dituzten emakumeen bidez, gure gorputza modu naturalean erakutsi dut. Horrela irudikatu ditut, eta horrela erakutsi ditut.
Zein materialekin lan egin duzu?
Pintura akrilikoekin egin dut erakusleihoa, errotulagailuekin marraztu ondoren. Formatu handietarako akrilikoak eta pintzelak erabiltzen ditut. Halere, ohitura handia dut kuadernoetan errotulagailuekin marrazteko; arkatzekin ere bai. Oso eroso sentitzen naiz eskura dudanarekin marrazten dudanean. Pintzelekin pazientzia handiagoa behar duzu, eta horretara jarri behar duzu. Bestearekin nonahi eta edozein jarreratan pintatu dezakezu.
Noiz hasi zinen margotzen?
Batxillergo artistikoa egin nuen, eta geroztik badut ohitura kuaderno bat eramateko.Ondoren, Arte Ederrak ikasi nuen. Pinturak asko entretenitzen nau, eta zer egin ez dakidanean kuaderno bat hartzen dut marrazteko. Zaila izango da ohitura hori kentzea.
Aurretik erakusketaren bat egin duzu?
Duela gutxi fanzineen tailer bat egin nuen Ontzi Museoan, Elkanoren urtemugaren harira. Itsas munstruoei buruzko fanzine bat egin genuen. Bestalde, urte batzuk daramatzat ikastaroak egiten: haurrentzako eskolak ematen ditut. Hezkuntza artistikoa egitea gustatuko litzaidake. Eta nire proiektu pertsonalei dagokienez, Getxoarten, 2011n, arte azoka batean parte hartu nuen. Sortutako guztia erakutsi nuen. Ez nekien nola egin erakusketa bat, eta dena eraman nuen. Irungo gaztelekuan Gazteartean izeneko jardunaldi bat egiten zen, eta horra ere denetik eraman nuen. Tabernetan ere egin ditut erakusketak: Hondarribian, Sardara tabernan.
Zer gustatuko litzaizuke egitea?
Ba, oso pozik nago, Irungo udalak horma handi batean margotzeko aukera eman didalako. Neurri handiekin zure lana erakustea oso guaia da. Pareta bat margotzea proposatu nien, Gain gainean parkean, eta azkenean lortu dut. Oso leku ona da, asko ikusiko da. Orain arte horma gris bat izan da. Urtean zehar hainbat jarduera egiten dituzte, eta pareta hori beti ikusten da atzean. 16 metro zabal izango ditut margotzeko. Emakume baten aurpegia marraztuko dut hainbat fotogramatan. Neska berdinaren bost aurpegi egingo ditut, denboraren marra bat izango balitz bezala. Denboraren joana islatuko dut, gauzak gertatuko zaizkiolako. Bere buruan, bere txanoan edo bere ilean ikusiko dira aldaketak. Aste honetan bertan hasiko naiz margotzen.