Agur auzoa egituratu duen parrokia bati
Abuztuaren 31n jo zituen azken kanpai hotsak Saguesko Mariaren Bihotza parrokiak, eta ateak behin betiko itxi zituen. Klaretarrek eraikina saltzeko asmoarekin itxi zuten parrokia, Claret ikastola itxi eta urtebetera. Auzoko bizilagunak atsekabetuta agertu ziren parrokiaren itxierarekin, oso garrantzitsua izan baita askorentzat: zentro erlijiosoa izateaz gain, hazi eta hezteko gunea izan da Saguesko bizilagun askorentzat.
Itxiera iragarri zutenetik, hor hotel bat egingo zutelako susmoa zabaldu zen hirian, eta EH Bilduk horretarako izapideak oso aurreratuta zeudela salatu zuen udan. Abenduko lehenengo egunetan, eraikinari hirugarren sektoreko erabilera emateko prozesua abiatu zuten klaretarrek.
Hotel bat egingo balute, ez litzateke turismora bideratutako gune izatera pasatzen den hiriko zentro erlijioso bakarra izango. San Bartolome muinoko komentu zaharreko hotela, esaterako, ireki dute dagoeneko, baita San Martin kaleko Mariaren Zerbitzarien komentu zaharrekoa ere.
Albiste hau IRUTXULOKO HITZAko 2020ko urtekarian argitaratu da. Hedabideak aurtengo jazotako gertaeren errepaso bat egin du. Urtekariko artikuluak lotura honetan irakur daitezke.