COVID-19ak hankaz gora jarri du guztia
Otsailaren amaieran baieztatu zen lehen koronabirus kasua Gipuzkoan, eta birusa hedatzea eragozteko asmoz, Espainiako Gobernuak martxoaren 14an ezarri zuen alarma egoera. Herritar guztien konfinamendua agindu zuen, eta etxebizitzetako balkoiak bihurtu ziren sozializaziorako gune. Egoera guztiz berria eta ezohikoa zen denentzat, eta COVID-19aren ondorioz, Donostian are irudi ezohikoagoak ikusi ziren hurrengo asteetan: hiriko kale nagusiak hutsik eta noizean behin pasatzen ziren autobusek hausten zuten isiltasuna. Ezohiko egoera hori dela eta, animaliak ere agertu ziren Donostiako kaleetan: asko zabaldu ziren Egiako parkeko paumen irudiak, eta kaian agertutako mazopa eta zanga baten irudiak, besteak beste. Itxialdiarekin batera, zaurgarritasun egoeran zeuden herritarren laguntza beharra areagotu egin zen, eta herritarrek antolakuntzaren bidez erantzun zioten behar horri: zaintza sareak sortu ziren auzo gehienetan, besteak beste, zaharrei eguneroko gauzekin laguntzeko. Zaintza sareak ezinbestekoak izan ziren herritar askorentzat, erakundeen erantzuna beranduago heldu baitzen, eta pertsona zaurgarrienek herritarren antolakuntzari esker egin zuten aurrera, hein handi batean. Gaitzak gainera heriotza lehen lerrora ekarri zuen, eta agur esateko ez ezik, hildakoa ikusteko aukerarik ez dute izan senide askok. Konfinamendua arintzen joan ahala, kaleak berriz jendez betetzen hasi ziren, eta normaltasun berria deitutakoan sartu zen Donostia. Herritarren egunerokoan eta ohituretan ere pandemiak izugarrizko eragina izan du: harremanetan, kulturan, zaintzan edo lan egiteko moduan, besteak beste.
Albiste hau IRUTXULOKO HITZAko 2020ko urtekarian argitaratu da. Hedabideak aurtengo jazotako gertaeren errepaso bat egin du. Urtekariko artikuluak lotura honetan irakur daitezke.