"Denda fisikorako jauzia nahiko zaila izan da"
Nahiz eta modaren munduan 30 urte daramatzan, Karmele Eguesek denbora gutxi darama denda fisikoan lanean. Denden atzean urte luzez jardun ostean, San Martin auzoko Triunfo kalean bezero bakoitzari egokitutako zerbitzua eskaintzen du.
Nondik datorkizu ehunekiko maitasuna?
Familiatik datorkit modarekin zer ikusia duen edozerrekiko grina, eta oso gaztea nintzela hasi nintzen bertan lanean. 30 urte daramatzat mundu honetan lanean, baina denden atzean ezkutuan dagoen esparruan ibili naiz denbora luzez. Italiako moda inportatzen zuen enpresa batean lan egin nuen urte luzez, eta Espainiako Estatuan Italiako marka ezagunenen eta ez hain ezagunen produktuak komerzializatzen genituen. Asko bidaiatu nuen urte horietan, Frantzian eta Italian, batez ere.
2008ko krisiak gogor jo gintuen, eta enpresa itxi behar izan genuen. Egoeraz nazkatuta, ehunen mundutik aldendu nintzen denbora batez, baina odolean dudan zerbait da, eta modu pribatuago batean hasi nintzen lanean. Etxebizitza txiki batean bezeroak banan-banan jasotzen nituen, eta nituen arropa sortetatik bezeroen nahietara moldatutako produktuak egin nituen. Oso eskaintza pertsonalizatua egiten nuen, baita orain ere.
Nola egiten duzu lan zure dendan?
Etxebizitza batean modu pribatuan egiten nuen lan hori kalean bertan dagoen denda batera ekarri nahi nuen, horregatik Un Rincón Para Ti [Txoko bat zuretzat] izena. Dendan dudan produktu bakoitza asko aztertzen dut ekarri aurretik, eta dendan sartzen den edonor aholkatzen dut, haientzat interesgarria izan daitekeen arropa gomendatuz.
Badaude ideia orokor batekin datozen pertsonak eta zehazki zer nahi duten dakiten pertsonak; hau dela eta, batzuetan ez dut ia lanik egin behar izaten, ondoen egokitzen zaion neurria hartu eta nahikoa izaten da. Baina bezero gehienak duela urte batzuk ezagutzen ditut, eta nik egiten diet proposamena, eta gehienetan baiezkoa izaten da erantzuna, oso ondo ezagutzen baititut haien gustuak eta armairuak.
Erosketa presentzialei beldurra hartu dio jendeak; urte zaila izan ahal da arropa denda txikientzat?
Oso urte gogorra izan da bai; niri bereziki neketsua egin zait, urte gutxi daramatzadalako dendarekin, eta kalean leku bat irabaztea zaila da. Bestalde, San Martin inguruan hotel asko daude, eta urtero nire dendara zetozen turistak zeuden, baina aurten osasun larrialdia dela eta ez dira etorri. Dudarik gabe, urria eta azaroa izan dira hilabeterik gogorrenak; izan ere, inguruan dauden tabernek jendea erakarri ohi du dendara, baina ostalaritza itxita egonda publiko hori galdu egin dut.
Zer nolako neurriak hartu dituzue?
Edozein dendetan hartzen ditugun berdinez gain, bezeroek probatzen dituzten janzki guztiak alde batean uzten ditut, eta lurrin makina batekin alde guzietatik lurrintzen ditut 200 gradura. Ez dugu zertan beldurrik izan: etxeko garbigailuan izarak 50 gradura desinfektatzen direla uste badugu, zer esan 200 gradura.