Donostiako kultur panorama, kinka larrian
Pandemiak kalte handiak eragin ditu kulturaren munduan, kontzertuak, antzerki emanaldiak, jaialdiak eta bestelako kultur jarduera guztiak kolpez bertan behera gelditu baitziren alarma egoera ezartzearekin batera, eta oraindik ez diote egoerari buelta eman. Donostian, Mojo Workin jaialdia izan zen pandemiaren ondorioak pairatzen lehenengoa, alarma egoera ezarri zen asteburuan egitekoa baitzen. Egun batetik bestera egitarau osoa bertan behera utzi behar izan zuten, eta antolatzaileak izugarrizko zorrarekin gelditu ziren. Horregatik, Arkaitz Kortabitarte Punko-k adierazi zuen 2021ean ezinezkoa izango zela Mojo Workin jaialdia egitea.
Konfinamenduan zehar, kulturgile ugarik Internet bidezko emanaldiak eskaini zituzten, sektoreak bizi zuen egoera larria salatzen zuten bitartean. Izan ere, hiriko musika aretoak ere kinka larrian gelditu ziren, hilabete luzez itxita egon baitziren. Oraindik ere, areto batzuek ez dute kultur jarduerarik antolatzeko modua aurkitu, nahiz eta erakundeek Donostia Kulturaren egitaraua aurrera ateratzeko modua aurkitu duten.
Udan, Jazzaldia egin zuten, eta udazkenean, Zinemaldia eta Beldurrezko Astea ere egin zituzten, osasun neurri zorrotzekin, eta bereziki Jazzaldiaren kasuan, egitaraua erabat aldatuz: ezin zirenez Espainiako Estatutik kanpoko artistak etorri, tokiko zein estatuko musikariek osatutako egitarau murriztua garatu zuten.
Zinemaldiaren eta Beldurrezko Astearen kasuan, ez da beste urte batzuetako giroa izan, proiekzioetan derrigorrezkoa baitzen aretoen edukiera murriztea eta maskara jantzita erematea. Zinemaldiak azken asteotan eman ditu aurtengo jaialdiko edizioko datuak, eta adierazgarriak dira: Woody Allenek Donostian grabatutako Rifkin’s Festival filma estreinatuta ere, 66.234 ikusle izan dira, iaz baino 112.000 gutxiago. Zinemaldian izandako profesional kreditatuen kopuruak ere nabarmen egin du behera. Hala ere, pandemiaren testuingurua dela eta, antolatzaileek ontzat jo dituzte datuak.
Albiste hau IRUTXULOKO HITZAko 2020ko urtekarian argitaratu da. Hedabideak aurtengo jazotako gertaeren errepaso bat egin du. Urtekariko artikuluak lotura honetan irakur daitezke.