"Eskuragarriago dute droga janaria baino"
Donostiako Harrera Sareko boluntarioa da Garazi Montuschi Mujika. Mundu osoko pandemiak baldintzaturiko urte honetan, Harrera Sarea inoiz baino indartsuago dagoela adierazi du, nahiz eta migratzaileen egoerak oso larria izaten jarraitzen duela onartu duen.
Nola joan da 2020a Donostiako Harrera Sarearentzat?
Alde batetik, 2020aren balorazio positiboa egiten dugu; ez dugu ahaztu behar pertsona asko larri daudela oraindik, eta gauzek horrela jarraitzen duten bitartean egoera ez dela inoiz positiboa izango. Aurreko urteetan baino lan gehiago izan dugu urte honetan Harrera Sarean, baina gero eta boluntario gehiago hurbildu dira gurekin lan egiteko, eta hiritarrak geroz eta sentsibilizatuago daudela iruditu zaigu.
Uste dut martxoko itxialdiak balio izan duela migratzaileen eta orokorrean kalean bizi den jendearen egoera sozializatzeko, agerian geratu baita jende honek dituen zailtasunak eta jasotzen dituzten laguntza urriak.
Jende asko gerturatu zaizue laguntzera orduan?
Bai, gero eta boluntario gehiago ditugu, eta jasotzen ditugun dohaintzek ere gora egin dute. Horrek hein handi batean lagundu digu pertsona migratzaile horiei laguntza gehiago emateko, janaria adibidez. Mobilizazio eta manifestazioetara ere jende gehiago joan dela nabaritu dugu. Euskara eta gaztelera klaseak emateko ere jende gehiago dugu prest, eta une honetan boluntario batek eta migratzaile batek osaturiko 30 bikote inguru ditugu hizkuntzak irakasteko. Harreman horiek gainera asko laguntzen dute migratzaile horiek integratzeko eta kultura ezberdinak ezagutzeko.
Beste entitate batzuekin elkarlana ere handitu dugu, baina ez martxoko itxialdian bakarrik, orain ere bai; izan ere, itxialdiaren osteko hilabeteak zailagoak ari dira izaten, itxialdian bertan laguntza gehiago jasotzen baitzuten pertsona migratzaileek.
Nola igaro dituzte hilabete zail hauek lau paretaren babesik ez duten pertsonek?
Asko oso jazarriak sentitu dira, eta Poliziak etengabe geratzen zituen identifikatzeko eskatuz, irizpide arrazialekin. Infernuko desalojoak goia jo zuen; izan ere, bertan nahiko baldintza kaskarretan zegoen jendea, baina nolabaiteko egonkortasuna zuten, eta aterpeetara joateko aukerari muzin egin die askok, aterpean egoteko epea amaitzean kale gorrira itzuliko zirela baitzekiten.
Niri larriena iruditzen zaidana da azken urteetan iristen diren migratzaileen profila. Oso gazteak dira orain datozen pertsonak, adingabeak asko. Bizi diren egoera psikologikoki barneratzea oso zaila da, eta askok esaten digute errazagoa dutela droga lortzea janaria baino.
Nolakoa izan da erakunde publikoekin izan duzuen hartu emana?
Itxialdiaren lehen hiru asteetan kostatu zitzaien pertsona zaurgarrienak laguntzea, baina hortik aurrera hasi ziren etxegabeentzat behin behineko aterpeak prestatzen. Denbora asko behar izan zute erreakzionatzeko, eta eragile sozialak izan ginen pertsona horien beharrei erantzun genienak.