Galdetegia: Zer moduzkoa izan da 2020a zuretzat? Eta 2021an, zer?
Batzuek bidaia bat atzeratu behar izan dute; beste batzuek ezin izan dute garaipen bat nahi bezala ospatu. Baina, urte konplexua izanda ere, 2020ak sorpresa politen bat ere ekarri du. 2020az eta 2021erako asmoez hausnartu dute Ander Izagirre kazetariak, Alba Menendez Bera Berako jokalariak, Gorka Hoyos Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteko kideak eta Begoña Altzaga Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteko kideak.
Ander Izagirre, kazetaria: “Apirilean egin behar genuen bidaia bertan behera gelditu zitzaigunean, Italiako Giroari buruzko liburu bat idazten hasi nintzen itxialdia aprobetxatuz”
Zer moduzkoa izan da 2020a zuretzat?
Naufragio ikaragarri baten erdian, olatuen artean lasai flotatzen jarraitzeko zortea izan dut. Oraingoz behintzat, pandemiak eta bere ondorioek ez gaituzte ez ni eta ez ingurukoak modu larrian jo. Horrekin pozik nago. Hala ere, kezka beti piztuta daukat, noski.
Zein proiektu geratu zaizkizu bertan behera?
Apiriletik aurrera bidaia luze bat egin behar genuen bizikletaz, udaberritik udazkenera artekoa, Italia osoan gora eta behera. Idazteko asmoarekin eta batez ere munduaz gozatzeko asmoarekin pentsatuta neukan, eta etxean itxita gelditu ginen. Zorionez, udan bai, udan hiru hilabete pasa genituen asmo horren zati bat egiten.
Espero ez zenuen proiekturik lortu duzu?
Bai. Apirilean egin behar genuen bidaia bertan behera gelditu zitzaigunean, Italiako Giroari buruzko liburu bat idazten hasi nintzen itxialdia aprobetxatuz. Beste urte baterako proiektua zen, lana pixka bat aurreratuta neukan, baina udaberriko itxialdian asko idatzi nuen eta orain liburu hori bukatzen ari naiz.
Eta 2021an, zer? Zein asmo dituzu?
Ustekabeko liburu hori bukatu eta argitaratu nahi dut. Hortik aurrera, erreportajeak prestatzeko bidaiak dauzkat buruan, baina gehiegi zehaztu gabe. Eta Italian bizikletaz egin gabe utzi genuen puska ere osatu nahiko genuke noizbait.
Alba Menendez, Bera Berako jokalaria: “2021ean Gipuzkoak antolatuko du Kopa. Jokatzeko lehiaketa erakargarria da oso eta etxean izateak ilusio handia egiten digu”
Zer moduzkoa izan da 2020a Bera Berarentzat?
Oso urte arraroa izan da. Martxoan dena gelditu zen eta Liga irabazi arren, ezin izan genuen bestelakoetan bezala ospatu. Gutxienez, 20-21 denboraldia martxan jarri zen irailean eta guk partida guztiak jokatu ditugu. COVID-19a saihesteko neurriak hartzen ari gara, eta momentuz ez dugu arazorik izan.
Zein helburu geratu zaizkizue bertan behera?
Asko! Iazko denboraldiko liga behar den moduan jokatu, amaitu eta ospatu. Kopa, berriz, apirilean izan balitz, beste emaitza lortuko genuela uste dut. Aurtengo denboraldiari dagokionez, Europan ezin izan dugu multzoen faserako sailkapena lortu. Azkeneko partidak zalerik gabe jokatu ditugu, eta pena handia izan da hori.
Espero ez zenuen helbururik lortu duzue?
2020ak utzi diguna da Ligako txapelketa (seigarrena Bera Berarentzat). Era berean, erronka bat ekarri digu: 2021ean Gipuzkoak antolatuko du Kopa. Jokatzeko lehiaketa erakargarria da oso eta etxean izateak ilusio handia egiten digu.
Eta 2021an, zer? Zein helburu dituzue?
Europatik kanpo geldituta, Ligan eta Kopan azkeneraino lehiatzea da gure helburua. Aurten liga berezia da, taldeak bi multzoetan banaturik gaudelako. Azkeneko hiruhilabetean erabakiko da. Bestalde, urte asko igaro dira Gipuzkoak Kopa azkenekoz antolatu zuenetik eta aukera aprobetxatu nahi dugu.
Gorka Hoyos, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteko kidea: “COVID-19aren eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, argi geratu da bizikletaren eguneroko erabilerak gizartean duen garrantzia”
Zer moduzkoa izan da 2020a Kalapierentzat?
Urte gogorra, berezia eta konplexua izan da. Aldiz, COVID-19aren eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, argi geratu da bizikletaren eguneroko erabilerak gizartean duen garrantzia. Sekula izandako aukerarik onena izan dugu egunerokoan pertsonak era aktiboan mugitu daitezen bultzatzeko.
Zein helburu geratu zaizkizue bertan behera?
COVID-19ak eragindako egoerak gure ohiko helburuak sendotu ditu. Aldiz, Europan bizikletaren erabilera eta mugikortasun aktiboa sustatu dituzten bitartean, hemengo administrazio publikoak ez du bide beretik jo hein handi batean. Pena handia sentitu dugu horregatik.
Espero ez zenuen proiekturik abiarazi duzue?
Hainbat proiektu jarri ditugu martxan. Batez ere, mugikortasunari buruzko ikerketak egin ditugu; semaforoen iraupenak nola eragiten duen aztertu dugu, kutsadura neurtu dugu, eta abar. Bir-ziklatu proiektua ere martxan jartzen hasi gara, ia galduta dauden bizikletak berreskuratu eta bigarren bizitza bat eman diezaiegun.
Eta 2021an, zer? Zein helburu dituzue?
Mugikortasun aktiboa bultzatzen jarraitu nahi dugu, batez ere espazio publikoak oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokituz eta autoei espazioa kenduz. Argi dugu gizarte osasuntsuago bat lortzeko zein den hartu beharreko bidea. Ideia hau administrazioek bereganatu dezaten lortu behar dugu.
Begoña Altzaga, IZBEko kidea: “Pandemiak erabat baldintzatu du gure jarduera eta oso zaila egin zaigu lanari eustea. Apurka, lortu dugun lanari ekitea”
Zer moduzkoa izan da 2020a IZBE elkartearentzat?
Pandemiak erabat baldintzatu du gure jarduera eta oso zaila egin zaigu lanari eustea. Apurka, lortu dugun lanari ekitea. Dena den, oso partehartze aktiboa izan dugu Ekialde Barrutiko bileretan eta Euskaraldian. Gainera, Intxaurrondo: Ibilbide bat iraganetik argazki erakusketa egin dugu Garberan.
Zein helburu geratu zaizkizue bertan behera?
Intxaurrondo Eguna egitasmoari heltzea ezinezkoa izan da, berez auzoko jaien egitarauaren parte delako. Bestalde, urtean bi aldiz argitaratzen dugun Intxaurrondoko Berriak aldizkaria ezin izan dugu atera. Orokorrean, gai guztiak oso modu apalean jorratu ditugu.
Espero ez zenuen proiekturik abiarazi duzue?
2017an Intxaurrondo Zaharreko Aitona Amonen Etxe berria egin zenean, haiek utzitako lokalak eskatu genion udalari biltegi gisa erabiltzeko, gure artxiboa eta gainontzeko materiala gordetzeko. Lizardiko lokala txiki gera-tu zitzaigun. Bada, hiru urte pasa ondoren, eta gutxien espero genuenean, Donostiako udalak lokal horren emakida egin digu.
Eta 2021an, zer? Zein helburu dituzue?
Lehenik eta behin, aipatutako lokala txukundu behar dugu, giltzak aste honetan bertan eman dizkigutelako, baita materiala eraman ere. Hori egin ondoren, aurten hain era motelean landutako gaiak —batez ere mugikortasunarekin eta irisgarritasunarekin lotutakoak— berrindartu nahi ditugu.