Irutxuloko Hitzarentzat urte berezia eta zaila izan da
Ez dugu behar bezala ospatu 15. urteurrena, baina urte berezi eta zail honi aurre egin diogula ospatu nahi dugu. Oztopo guztien gainetik, Irutxuloko Hitzak Donostiari buruz informatzen jarraitu du. Etenik gabe, harpidedun eta irakurle donostiarrei COVID-19ak baldintzaturiko urtearen kontaketa egitea lortu dugu. Eskerrik asko gure alboan jarraitu duzuen guztiei.
Ilusio txikiak handi egiteko urtea izan da Irutxuloko Hitzarentzat. Martxoa hasieran formatu aldaketaren prozesua borobildu genuen. Astekariaren tamaina handitu, papera hobetu eta kalitatezko emaitza lortu genuen. Astebete geroago iritsi zen koronabirusa, eta dena hankaz gora jarri zuen. Lan egiteko modua eta lantaldea egokitu genituen osasun krisiari aurre egiteko. Etxetik lan egiten hasi ginen, eta teknikoki ez zitzaigun asko kostatu. Ordea, denborak aurrera egin ahala lantaldea elkarrekin ez egoteak galera asko ekarri zituen. Erredakzio txiki eta dinamikoa izanik, distantziak kazetarion arteko sinergia eta elkarreragina oztopatu zuen.
Konfinamendu egoera gainditu bezain pronto, erredakziora itzultzea lehenetsi genuen. Horretarako, beharrezkoak ziren txandak ezarri genituen. Ordutik, osasun eta segurtasun neurriak betetzeko bideak eta baliabideak erabili ditugu. Talde osoa elkartzea beharrezkoa izan denean, Egiako plazak ere erabili ditugu, bulegoan neurriak beteta, taldeko bederatzi kideak aldi berean egotea ezinezkoa zelako.
Zama ekonomikoa
Pandemiak gogor jo du Irutxuloko Hitzaren ekonomia. Publizitatean jaitsiera nabarmena izan dugu, eta horrek asko baldintzatu du hedabidea. Gure iragarleak tokiko merkatariak eta ostalariak dira, besteak beste, eta krisiak asko kaltetu ditu. Hori gutxi balitz, diru laguntzetan espero ez genuen ezustekoa jaso genuen. Donostiako Udalak uztaila bukaeran jakinarazi zigun 18.000 euro gutxiago emango zizkigula –%20ko jaitsiera–.
Oso gogorra izan zen gure hedabidearentzat. Izan ere, diru laguntza hori ebatzita zegoenez, gure aurreikuspenetan diru hori aintzat hartu genuen, eta uztaila bukaeran egokitzapenak egiteko aukera gutxirekin geratu ginen. Gainera, ez genuen horrelakorik espero, diru laguntza ebatzita zegoelako eta gainerako udaletan ere 2020rako ez zelako jaitsierarik aurreikusten.
Diru sarreren artean garrantzitsuenetakoak diren bi adar kolokan jartzeak zama ekonomikoa handitu digu. Esan bezala, publizitatearen eta diru laguntzen jaitsierek gogor eragin digute.
Berri onak
Urte zail honetan denak ez dira albiste txarrak izan. Martxoan konfinatu ginenetik, gure aurrekontua egokitu behar izan genuen. Sustapenerako eta 15. urteurrenerako aurreikusitako dirua alde batera utzi genuen, unean uneko egoerari aurre egiteko. Horrez gain, aukera berrien bila ibili ginen, eta lanketa horri esker bi diru laguntza berezi eskuratu genituen. Batetik, Europako Kazetaritza Zentroak (EJC) 25.000 euro eman zizkigun «larrialdi egoeran sortutako beharrei» erantzuteko. Bestetik, Googlek Larrialdi Egoeran Kazetaritzari Laguntzeko Funtsa atera zuen, eta Irutxuloko Hitzari 5.000 dolar eman zizkion. Diru sarrera horiekin publizitatean izandako galerak orekatu ahal izan genituen.
Ospatzerik izan ez dugun arren, 15. urteurreneko materiala egin dugu. Paula Estevez eta Iñaki Martiatena “Mattin” ilustratzaile donostiarrek egindako irudiekin poltsak eta kamisetak aurkeztu ditugu. Harrera beroa izan dute, eta horien salmenta ondo joan da. Aldiz, bereziki arrakasta harpidetza kanpainak izan du. HITZAkide egiteagatik, poltsa bat opari kanpaina abian jarri genuen, eta kanpaina horri esker, eta urtean zehar egindako lanari esker, harpidetza asko eskuratu ditugu aurten.
Azken hamarkadan ez dugu 2020an adina harpidedun lortu, soilik 2014an egin ziren HITZAkide gehiago. Krisi ekonomikoak baldintzaturiko urte hartan laguntza eskatu genizuen, eta sekulako babesa eman zenioten gure hedabideari. Aurtengoa desberdina izan da, ez dugulako horrelako deialdirik egin. Horrela ere, %11ko igoera izan dugu. Gure lana eskertu eta balioa eman dion jende asko egon da, eta horren ondorioa izan dela uste dugu. Beraz, eskerrik asko gurekin bat egitea erabaki duzuen guztiei.
Urtero egiten ditugun gehigarri berezi batzuk egiteko aukera gabe geratu gara, eta egindakoak askoz era xumeagoan egin ditugu. Horrek lotura zuzena du publizitatean izan dugun jaitsierarekin. Urteroko ospakizun eta ekitaldiak ez dira egon, eta beraz, horiei buruzko gehigarri batzuk ezta ere. Dena den, egoerara egokitu gara, eta horren eredu urte bukaeran argitaratu dugun merkataritzaren gehigarria. Gu ere Donostiako tokiko proiektu bat gara, eta gertukoaren kontsumoaren aldeko aldarriarekin bat egin nahi izan dugu, horrek duen garrantzia agerikoa dela ikusten baitugu; are gehiago, egungo egoeran.
Datorrenari begira
Irutxuloko Hitzarentzat hazten jarraitzeko urtea zen 2020a. Apustu argia egin genuen proiektuaren hazkunderako. Diru sarreren hirugarren adar garrantzitsuena, harpidetzena, landu nahi genuen. Horretarako, sustapenerako pertsona bat kontratatu genuen. Horrez gain, datorrenari begira jarri, eta etorkizuneko erronkak gainditzeko inbertsioak egiteko asmoa genuen. Besteak beste, ikus-entzunezkoetan garatzeko bidea abiatu nahi genuen.
Pandemiak, ordea, genituen aurreikuspenak bertan behera utzi dizkigu, eta datorren urterako ziurgabetasuna eragin du. Batetik, krisiak gogor jo dituen sektoreak 2021ean izango duten egoera zein izango den ikusteko dago, eta horrek publizitatearen salmentan eragin zuzena izango du. Bestetik, Donostiako Udaleko diru laguntzekin zer gertatuko den oraindik ez dakigu. Hori dela eta, lerro hauen bidez adierazi nahi dugu babes hori ezinbestekoa dela Donostiako euskarazko tokiko hedabidea sendotzen jarraitzeko; are gehiago, aipaturiko zailtasun guztiak kontuan hartuta. Beraz, orain arteko diru laguntza mantentzeko eskatzen diogu udalari.
Irakurle eta harpidedunek azken urte zail eta berezi honetan erakutsi diguten babesari eusten badiogu, seguru gaude 2021. urtea askoz hobea izango dela.