Martxoaren 8a, azken mobilizazio handia
Alarma egoera ezarri baino astebete lehenago, martxoaren 8a izan zen, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Aurten, aldarrikapenak asteburu osora luzatzea erabaki zuen Donostiako mugimendu feministak, eta martxoaren 7an eta 8an mobilizatu ziren; besteak beste, Bulebarrean Puntu Feminista jarri zuten. Auzo guztietan mobilizazioak eta jarduerak egin zituzten, eta Txileko feministen Bortxatzailea zara zu performancea egin zuten Bulebarrean. Martxoaren 8ko eguerdiko eta arratsaldeko manifestazioak izan ziren borroka asteburuko protesta nagusiak, eta babes zabala izan zuten. Nork esango zuen astebete beranduago kaleak guztiz hustuko zirela.
Mugimendu feministak ez zuen greba deialdirik egin aurten, baina borroka feminista «oraindik beharrezkoa» dela aldarrikatu zuen. Hain zuzen, hori agerian gelditu da konfinamenduan, emakume asko euren erasotzailearekin etxean gelditu behar izan baitira, eta zaintza lanak euren gain gelditu dira.
Albiste hau IRUTXULOKO HITZAko 2020ko urtekarian argitaratu da. Hedabideak aurtengo jazotako gertaeren errepaso bat egin du. Urtekariko artikuluak lotura honetan irakur daitezke.