Txomiñene berriko zati bat bukatuta, asko dago egiteko

Azken urteotako hirigintza proiektu handienetako bat argia ikusten hasi da aurten, babes ofizialeko 162 etxebizitza eraiki baititu udalak, eta baremazio sistema berriaren bidez ari dira etxe horietan biziko diren pertsonak hautatzen. 7.373 eskaera izan ziren.
Bestalde, pandemia dela Arteleku plazako eraikuntza atzeratu ostean, udalak berrabiaraztea erabaki du berriki, eta Lanberri auzo elkarteak lanekin «lehenbailehen» hasteko eskatu ostean, udalak hilabete honetan iragarri du datorren urteko udan hasiko direla lanak.
Hala ere, Txomiñenen albiste txarrak ere izan dira aurten, bizilagunek sarritan salatu baitute gauza asko gelditzen direla egiteko auzoan, eta udalaren utzikeria salatu izan dute. Horretaz gain, maiatzan Aintzieta pasealekuko eta Wroclaw plazako etxebizitzetako garaje eta trasteleku batzuetan ur beltzen uholdeak izan ziren.
Albiste hau IRUTXULOKO HITZAko 2020ko urtekarian argitaratu da. Hedabideak aurtengo jazotako gertaeren errepaso bat egin du. Urtekariko artikuluak lotura honetan irakur daitezke.