2020 urtea, hamar argazkitan
Milaka irudik osatu dute 2020 urtea, horietako asko ez ohikoak, eta beste asko beharko luketenak baina ohikoagoak. Horietatik hamar aukeratu ditu Joseba Parron San Sebastian Irutxuloko Hitzako argazkilariak, baita bakoitza zergatik hautatu duen azaldu ere.
“Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba orokor batekin hasi genuen urtea. Krisialdia azken hilabete hauetako kontua dela sinetsita gauden honetan, gogora ekartzeko modukoa iruditu zait”.
“Haizete bortitzak izan ziren martxoko lehenengo egunetan, gizakiok txiki-txikiak sentiarazten gaituzten horietakoak. Hortik egun batzuetara etorriko zenak, are txikiagoa sentiarazi ninduen ni, behintzat”.
“Itxialdia iritsi zen. Gutxi ginen kalean ibiltzeko aukera genuenok; kale hutsak zein begirada bakanen iluntasuna luzerako gordeko ditugu gure gogoan”.
“Egunero ilobekin bideo dei bidezko solasaldi luzeak ohitura bilakatu ziren egun horietan. Hauetako batean, Anek bere anaia Mikel zein aspertua zegoen erakutsi zidan; denongan zegoen sentipen baten irudi zuzena iruditzen zait egun ere”.
“Maiatzaren 1eko egunsentian jendetza hurbildu zen orduraino itxita zeuden hondartzez gozatzera. Irudiaren atzeko aldean, itxialdian zehar inongo osasun babesik gabe kalean garbitzen ibili zirenak ikusten dira bere eguneroko jardunean, besteok goizaren ederraz gozatzen genuen bitartean”.
“Sylvanusek eta bere txakurra Donostiako Infernuan dagoen Fabrika eraikina zuten bizileku. Orain, negu gorrian, kalean ikusi ditzakegu aterpe bila. Liburuaren irakaspenak ez ahazteko esaten zigun Brechtek, Laboaren ahotsaz; ahaztu ditugulakoan nago”.
“Urtero bezala iritsi dira olatutzarrak. Itsasoari bere tokia lapurtu zion hiri honetan ikuskizuna izaten dira hauek. Horrelakoetan, itsasoari kendu geniona berreskuratzeko lanetan ari dela ahaztea ezinezkoa egiten zait”.
“Txanpuene baserria hiriko muinetako batean egon da mendeetan zehar. Porlana ez dela jangarria denok dakigun arren, gurean, baserriak eraisten eta porlana landatzen jarraitzen dugu, hemendik milaka kilometrotara landatzen diren letxugak inportatzen ari garen bitartean. Pentsatzeko txokoan bildu beharko dugulakoan nago”.
“Zalantzaz beteriko urte berriruntz bidea egiten ari garen honetan, batere atsegin ez ditudan Gabonetako argiek ideia hori ilustratzeko aukera eman zidaten. Ea elkartasunaren eta zaintzaren bidea hartzen asmatzen dugun”.
“Izarrak izan zitezkeen eltxoak ikusten dira argazki honetan. Begirada pausatuz, sentipen ugari sor dezakeen irudi bat dela iruditzen zait”.