Irutxuloko Pizza sortu da, kazetaritza eta gastronomia uztartzeko asmoz
Irutxuloko Hitzak 15 urte bete ditu aurten, eta urteurrena behar bezala ospatzeko aukerarik egon ez bada ere, proiektu berri bat martxan jarriko du 2021. urtea hastearekin batera: Irutxuloko Pizza. Euskal kazetaritza eta gastronomia italiarra uztartzeko helburuarekin, pizzak egiteko eta etxez etxe banatzeko egitasmoa martxan jarriko du. Donostiako italiarren komunitatearekin lotura estua izan du beti hedabideak, eta hainbat sukaldari italiarrekin izandako hartuemanaren fruitu izango dira Irutxuloko Pizzak banatuko dituen pizzak. Mota ugaritako pizzak egingo ditugu Egian kokaturiko sukaldean, eta hiriko auzoen izenak izango dituzte, donostiar kutsua emateko. Euskal produktuak ere erabiliko dituzte pizzetan; aukera beganoa ere egongo da.
Irutxuloko Pizza urtarrilaren 11n hasiko da pizzen banaketarekin, eta lehen 50 eskariak doakoak izango dira, irutxulokopizza@hitza.eus helbidera idatziz. Gainera, pizzen banaketa ez da Donostiara mugatuko: Astigarragara eta Pasaiara ere iritsiko da Irutxuloko Pizza. Hitzakide direnek %20ko deskontua izango dute pizza bakoitzeko.
Inozenteen Eguneko txantxa da: ez da egiazkoa.