Azken urte eta erdian Txomiñeneko kaleak ez dituzte garbitu
Saguak azaldu dira Txomiñeneko kaleetan eta zenbait etxetan, eta bi arrazoirengatik dela uste dute auzotarrek: auzoko obrak “behar bezala” ez direlako egin eta “zikinkeria” metatu delako. Izan ere, Txomiñeneko lanak amaitu gabe daude oraindik.
Batetik, auzoa ondo urbanizatu gabe dagoela salatu dute, “lurra ez dutelako ondo trinkotu”. Horren ondorioz, lurra hasieran baino 5 zentimetro baxuago dago orain, eta eraikinen fatxaden eta lurraren artean espazioa ireki da. Gainera, etxe berrietako fatxadetan ez dituzte saguen aurkako babesak jarri. Bestetik, urte eta erdian ez da kaleak garbitzeaz arduratzen den kamioirik pasa auzotik, auzotarren arabera. Horrek “zikinkeria” eragin du auzo berriko kaleetan. Faktore guzti horien ondorioz azaldu dira saguak auzoan, Txomiñeneko bizilagunen arabera.
Kaleen argiztapena eskasa dela ere azaldu dute auzotarrek, eta aurreikusita zeuden hainbat azpiegitura (kiroldegi bat, eskola bat, kultur etxe bat…) ez dituztela eraikiko, Santa Klara uharteko eskultura berrira bideratu dutelako auzoari zegokion aurrekontuaren gehiengo zatia.
Donostiako Udalak saguen aurkako zerbitzua abian jarri du, eta etxebizitzak eraiki dituen Amenabar enpresak gaur ekin dio saguen aurkako babesa fatxadetan ezartzeari.