Parte Zaharreko zenbait bizilagunek Udaltzaingoaren jarrera salatu dute
Konstituzio plazako udaletxe zaharraren azpiko arkupean etxerik ez duten zenbait pertsona egon ohi dira. Hala ere, Parte Zaharreko zenbait bizilagunek salatu dutenez, tabernak ireki dituzten garaian udaltzainek arkupean egoten diren pertsona horiek kanporatu dituzte, “hemen ezin duzue egon” esanez. Kontxako hondartza ingurura joan ziren, baina denboralearen ondorioz haiek eta haien ondasun guztiak busti egin ziren. Atzo berriz itzuli ziren Konstituzio plazako arkupeetara, baina gaur 06:00etan berriro kanporatu dituzte bertatik.
Egoera salatu dutenak Parte Zaharreko zenbait bizilagun izan dira. Harremana dute udaletxe zaharraren azpian egon ohi diren pertsonekin, eta haiei laguntzeko antolatzen dira. Instituzioek “ezer egin ezean”, pertsona horien bizitzak arriskuan daudela adierazi dute bizilagunek.