Ehunka pertsonak bat egin dute "gazteen aurkako kriminalizazioa gelditzeko" manifestazioarekin
Parte Zaharreko gazte asanbladak deitu du manifestaziora, "auzoaren militariazioa" eta "Etzaintzaren bortizkeria" salatzeko. Parte Zaharra "bizirik" dagoela aldarrikatu nahi izan dute.

Eguerdiko hamabietan Bulebarretik abiatu da Alde Zaharreko gazte asanblak deitutako manifestazioa. “Manifestazio honetara deitu dugu, azkeneko asteetan Parte Zaharrean gertatu diren gertaerak direla eta. Ikusi da nola polizia sartu den, auzoa militarizatu duen, gazteak jo dituzten eta beldurra sortu duen auzoan. Uste dugu hori onartezina dela”, azpimarratu dute gazte asanbladatik. Ehunka pertsonak bat egin dute deialdiarekin, eta Errepresiorik ez! Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu lelopean, Bulebarra, Hernani kalea, Askatasunaren Hiribidea, Okendo kalea eta Parte Zaharreko hainbat kale hartu dituzte. Hiritarrak ez ezik, 33 eragilek ere bat egin dute deialdiarekin, gehienak Donostiakoak.
Askotariko oihuak entzun dira, besteak beste, “Alde Zaharra, bizirik!” edo “Borroka da bide bakarra!”. Hala ere, manifestazio lasaia izan da eta ez da inolako istilurik sortu Ertzaintzaren, Udaltzainen eta manifestarien artean.
Bereziki deigarria izan da manifestazioaren azken zatia. Izan ere, Trinitate plazan bukatzen zen manifestazioa. Plazak sinbolikoki esanahi handia du Parte Zaharreko bizilagunentzat. “Guretzat, topagune natural bat da, auzoak masifikazioari eta turistifikazioari aurre egiteko aukera bakarrenetarikoa”, azaldu zuen atzo Loren Loidi Parte Zaharreko bizilagunak, auzoaren “bestelako argazkia” atera zutenean. Koronabirusa dela eta, segurtasun neurri guztiak mantentzeko, jendeak pixkanaka eta modu ordenatuan sartu behar izan du plazan. Hain zuzen, gazte asanbladako gazte bat izan da jendea antolatzen. Azkenean, plazan lagun gehiago sartzen ez zirenez, askok kanpoan geratu behar izan dute. Luze jo du antolaketak, baina jendeak pazientziaz eutsi dio, noizbehinka oihuren bat edo beste botaz. Bukaeran, gazte asanbladako bi kidek adierazpen bat irakurri dute. Jarraian, manifestazioa eta adierazpenen zati bat bideoan:
Bizilagunek salatu dute abenduaren 12tik Ertzaintzaren presentzia areagotu egin dela auzoan, eta geroztik istilu ugari sortu dira Parte Zaharrean. Azkenekoa, San Sebastian egunean izan zen, zeinarengatik lau lagun atxilotu zituzten.