Postaleko hiriaren 'antipostalak'
Euskadiko Arkitektura Institutuan 'Hiru hiri-ikusmirak' erakusketa dago ikusgai abendutik. Erakusketa horren bitartez, Donostian, Bilbon eta Gasteizen "izaera zerk eraikitzen duen" aztertu nahi dute. Testuinguru horretan, bizikletekin txango bat egin dute gaur goizean Donostiako hainbat txokotatik.

Instagramen Donostia bilatuz gero, ziurrenik Kontxako, Pasealeku Berriko, Zurriolako edo Haizearen orraziko argazki ugari azalduko dira. Hiriko puntu horiek Donostia egiten badute ere, badira hiriaren izaeran eragiten duten beste hainbeste txoko. Hain zuzen, antipostal horiek aldarrikatu eta ezagutzera emateko, Euskadiko Arkitektura Institutuak bizikleta bitartezko txango bat antolatu du gaur goizean, Loiolako Urdintzu zubian hasi eta Parte Zaharrean, Arkitektura Institutuko egoitzan, bukatu dena. Bidean, Patxillardegi eta Astiñene baserrietan, Burdinezko Zubi ohian, errota baten aurrean —edo, hobeto esanda, errotaz geratzen den horren aurrean—, Tabakaleran eta Atotxako dorrean, Iztuetako pasabidean, Tomas Gros kaleko atari batean, Kontxako baranda ohien ondoan —Mirakontxako goiko partean daudenak—, eta Portu kalean geratu da, bakoitzari lotutako bitxikeriak eta hausnarketak partekatzeko. Esaterako, Patxillardegi baserrikoa dokumentatua dagoena: “Behin, Isabel II. erregina hemendik igarotzen ari zela, komunera joateko gogoa sartu zitzaion. Baserriko jabeei komuna erabiltzeko baimena eskatu zien, baita jabeek eman ere. Erreginak, eskerrak emateko, zergak barkatu zizkien beraien bizitza osorako”. Egun, baserri hori abandonatuta dago, eta gidaren hitzetan, posible da aurki botatzea, Loiolako hirigintza proiektuaren testuinguruan. Hain zuzen, beste baserri eta puntu askorekin gertatu den bezala.
Beste elementu batzuk, aldiz, berrerabili egin dituzte. Besteak beste, Burdinezko Zubia. Orain, Loiolako Erriberan, ibaira doan pasealekura jaisteko pasarela da. “Nolabait hura omentzeko modu bat da. Izan ere, Amara Berriko bizilagun askorentzat zubi berezia zen. Nire aitak, adibidez, Mundaizen ikasi zuen eta egunero-egunero handik pasatzen zen eskolara joateko. Handik kamioi bat igarotzen zen bakoitzean, dar-dar egiten zuen”, kontatu du. Loiolako Erriberatik Atotxarako bidean, Amara Plaza hotelaren ondoan gelditu da gida momentu bat. Izan ere, handik Zorroagako muinoaren gainean dauden hiru etxebizitza dorre ikusten dira, eta, atzean, Aiako Harriak. “Eraikin horietako goiko zatia begiratuta, ikusiko duzue baserri baten forma dutela. Bitxia da nola hiriaren historiaren zati bat horrela kontserbatzen den”.
Ibilbideak aurrera egin ahala, beste hainbat bitxikeri partekatu ditu gidak.
Egitasmoaren testuingurua
Bizikletaz eginiko ibilaldia Hiru hiri-ikusmirak erakusketaren testuinguruan gauzatu dute. Erakusketak Donostiako, Bilboko eta Gasteizeko 30 —hiri bakoitzeko 10— osatzen dute, Jon Cazenavek, Aitor Ortizek eta Oskar Alegriak egindakoak, hurrenez hurren. Argazkiak ez dira edonolakoak: batetik, hiriko izaera egiten duten ‘antipostaleko’ puntu horiek jasotzen dituztelako; bestetik, argazki horiek postal formatuan daudelako. Alegia. argazki bakoitza postal bat da, eta postal hori EAEko arkitekturaren, literaturara, arte eszenikoen eta zientziaren alorreko hainbat pertsonek idatzi dituzte, esaterako, Rafael Moneok arkitektoak, Esther Ferrer eskultoreak, Ander Izagirre kazetariak, eta Karmele Jaio idazleak.
Erakusketa apirilaren 25era arte izango da ikusgai, doan, Arkitektura Institutuko egoitzan. Horri lotuta, familientzako bisitak, helduentzako bisita gidatuak, hiru hiriburuen inguruko hitzaldiak, hiri ibilaldiak eta bizikleta txangoak antolatuko dituzte. Informazio guztia Euskadiko Arkitektura Institutuaren webgunean topa daiteke.











