Igeldoko funikularra Donostiako Udalaren esku egongo da 2022tik aurrera
Eusko Jaurlaritza Kable Bidezko Garraioaren Legearen proposamen berria prestatzen ari da, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietako funikularren eskumena udalen esku uztea aurreikusten du. Donostiari eragingo lioke neurri horrek, Igeldoko funikularraren kudeaketa udalaren esku geldituko bailitzateke, baita zerbitzuaren emakida, berrikuspenak egitea eta tarifak ezartzea ere. El Diario Vasco hedabideak argitaratu du informazioa.
Funikularrak duela 60 urte inguru (frankismo garaian) onartutako lege baten menpe daude oraindik. Lege hori, ordea, zaharkituta gelditu da, eta Eusko Jaurlaritza 2012an ere saiatu zen aldatzen, baina orduan ez zen onartua izan. Oraingoan onartzen bada, udalen esku geldituko dira halako zerbitzuak, Jaurlaritzako iturriek aipatu hedabideari adierazi diotenez, udalek beste inork baino hobeto ezagutzen dituztelako euren bizilagunen mugikortasun beharrak eta funikularren gaitasun turistikoa, estetikoa eta kulturala. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Igeldokoaren moduko beste bi zerbitzuk jarraitzen dute funtzionamenduan, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan; Donostiako da zaharrera, duela mende bat baino gehiago eraiki baitzuten. Euskal Herri osoko funikularrak aintzat hartu gero, lau dira, Iruñean beste bat baitago.
Lege proposamena datozen bi asteetan sartuko da esposizio publikoaren fasean: Interneten jarriko dute eskuragarri, eta herritarrek zein bestelako eragileek proposamenak eta iradokizunak egin ahal izango dituzte. Ontzat joz gero, proposamen horiek legean sar ditzake Eusko Jaurlaritzak. Prozesu horrek sei edo zortzi hilabete inguruz luzatuko da, eta ondoren, behin betiko testua Gasteizko parlamentura eramango dute, onartua izan dadin. Legea 2021eko azken asteetan edo 2022ko lehenengoetan sartuko da indarrean.