San Martingo saltokiak auzoko inauterietako jantziekin apainduko dituzte
Aurten ez da inauteririk izango Donostian, baina San Martinen Eskolako lorezainen konpartsari keinu sinboliko bat egingo diote, auzoko hainbat saltoki konpartsaren jantziekin apainduko baitituzte. San Martin Auzoa plataformak antolatu du egitasmoa, eta azaldu dutenez, asteazkenean, hilaren 10ean, jarriko dituzte jantziak ikusgai. Astebetez egongo dira erakusleihoetan, hilaren 16ra arte.
Egitasmoan 21 establezimenduk hartuko dute parte: Holi Bio Shop belar denda, Maloa ile apaindegia, Iñaki Sagarzazu, La Perola, Ridel, Azpilicueta farmazia, San Sebastian zentro kiropraktikoa, Isabel ile apaindegia, MA ile apaindegia, San Martin klinika, El Cafe de Donosti kafetegia, Tocados Oh, Abytek, Ados Mobiliario, Barayazarra y Casteres, Justo liburu denda, Ana Kortadi, Un Rincon Para Ti, Lanetan, San Sebastian podologia zentroa eta Why Not establezimenduek, hain zuzen.
San Martin auzo historikoa Aldapeta kalean hasten da, auzoko parrokian –gaur egungo Convent Garden–, eta Londres hoteleraino doa, Easo kaleko alde bikoitia hartuta, eta San Martin Auzoa egitasmoa sortu zuten iaz hainbat saltokik, auzoaren izaera berpizteko. IRUTXULOKO HITZAk parte-hartzaile batzuekin hitz egin zuen, eta erreportaje zabala argitaratu zuen.