"Garrantzitsua da haurrek euskal erreferenteak izatea"
Ikus-entzunezkoen kontsumo eredua asko aldatu da azken urteotan, eta gero eta gehiago kontsumitzen da plataforma digital handietan. Euskararen presentzia oso txikia da halakoetan, eta horren inguruan kezkatuta, Disney Euskaraz plataforma sortu zuten azaroan Donostiako hainbat gurasok. Alex Aginagalde euskaltzalea da horietako bat, eta joan den astean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen euren eskaera.

Nondik dator Disney Euskaraz plataforma?
Etxean euskaldunak gara, eta saiatzen gara gure haurrei Pirritx eta Porrotx eta ETB3 jartzen, baina azkenean, beti iristen zaizkie indar handia duten ekoiztetxeen edukia, hala nola, Disneyrena. Izan ere, haur guztiek nahi dituzte ikusi Frozen eta horrelako edukiak.
Ekoiztetxe horietako edukiak ez daudenez euskaraz eskuragarri, kezka hori nuen buruan aspalditik, eta, azaroan, jakin zen Disney Plus plataforma katalanez ere jarri zutela. Horren harira, beste guraso batzuekin hitz egiten hasi nintzen, eta ondorioztatu genuen beharrezkoa zela Disney Plusen euskara ere presente egotea.
Kontsumo ohiturekin harremana dauka zuen aldarrikapenak?
Bai, noski. Gaur egun, ohiko telebista ez da horrenbeste ikusten, eta zinemara ere lehen baino gutxiago joaten gara. Netflix, HBO eta halako plataforma digitalak guztiz sartu dira gure bizitzan, eta haurrentzako edukien kasuan, Disney Plus da plataforma nagusia. Haurrentzako ikus-entzunezko gehienak ditu Disney Plusek, bere eduki propioez gain, Pixar eta Marvel ekoiztetxeak eta Star Wars-en eskubideak erosi zituelako.
Beraz, mota askotako edukiak daude plataforman.
Seme-alabak ez dituztenek, Disney entzuterakoan, esan dezakete, «printzesen filmak euskaratu nahi dituzue? Ez dira oso hezitzaileak». Kontua da klasiko horietaz gain, Disney Plusek dena daukala: Ice Age, Toy Story, Marvelen superheroien filmak, Star Wars-en inguruko eduki guztiak, eta abar.
Nola heldu da zuen aldarrikapena Eusko Legebiltzarreraino?
Iazko azaroan sinadura kanpaina abiatu genuen [Avaaz.org atarian, oraindik sinatu daiteke], Disney Plusi eskatzeko edukiak euskaratzeko. Gabonetan, 5.000 sinaduren langa gainditu genuen, eta konturatu ginen gure kezka Euskal Herri osoan zabalduta zegoela. Horregatik, pentsatu genuen une aproposa zela gutun ofizial bat bidaltzeko auzian zeresana izan zezaketen eragile guztiei. Gutun hori bidali genien EAEko eta Nafarroako talde parlamentariei, Euskal Herriko europarlamentariei, Espainiako Kongresuko Euskal Herriko diputatuei, Arartekoari, euskalgintzako eragile nagusiei eta Iparraldeko Herri Elkargoari.
Horrela, legebiltzarreko kultura batzordean gure egitasmoa aurkezteko gonbidapena iritsi zitzaigun. Baietz esan genien, eta Eusko Legebiltzarrean izan ginen.
Nola joan zen agerraldia?
Orokorrean, jarrera baikorra ikusi genuen legebiltzarkideen artean. Agian, eztabaida pixka bat desbideratu zuten alderdi batzuek: PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen ildoa izan zen Disney Plusen moduko plataformak pribatuak direla, eta beraz, erakunde publikoen lana ez dela hor sartzea.
Hego Euskal Herriko datuei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu euskal hiztunen %47k halako plataformaren bat duela. Beraz, euskaldunen %47 ikus-entzunezkoak erdaraz kontsumitzen ari da, batez ere, gaztelaniaz. Gurea eskaera zehatz bat da, auzi handi baten barruan: euskara ez baldin badago haur gehienek kontsumitzen dituzten plataformetan, hizkuntzaren etorkizuna kolokan dago.
Zer iruditzen zaizu EITBk euskarazko ekoizpenei begira duen jarrera?
Ikus-entzunezkoen plataforma publiko indartsu baten beharra dugu, EITBren Nahieran nahiko mugatua baita. Era berean, euskarazko edukien sorkuntza indartu behar da, baita euskarazko itzulpengintza ere; hor dago euskal itzultzaileen auzia. Azkenaldian, EITBk egin ditu euskal telesail batzuk [Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu], baina errealitatea da aurrekontuaren ehuneko oso handi bat ETB2ra doala.
Aurreko belaunaldietako haurrek, ordea, ikus-entzunezko eduki ugari kontsumitzen zituzten ETB1en.
Legebiltzarreko agerraldian aipatu genuen gai hori. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako haurrek euskarazko marrazki bizidun ugari kontsumitzen zituzten. Gaur egun baino askoz telebista kate gutxiago zeuden, eta haurrentzako euskarazko edukiek zuten pisua askoz handiagoa zen: haur erdaldunek ere marrazki bizidunak euskaraz kontsumitzen zituzten. Plataforma digitalen gorakadarekin, ordea, euskal edukien pisua asko murriztu da, eta garrantzitsua da haurrek euskal erreferenteak izatea, ikerketa soziolinguistikoek frogatzen dutelako horrek eragina duela gerora euskararen erabilera mailan.
ETB3ren eskaintza nahikoa da?
Ondo dago, eta ETB3ren plataforma digitala Nahieran baino txukunagoa da, baina hala ere, oso mugatua da. Esaterako, zergatik ez daude ETB3ren plataforma digitalean Dragoi Bola-ren denboraldi guztiak euskaraz bikoiztuta, ETBk urte luzez euskaraz igorri baditu? Dragoi Bola-ren moduan, beste hainbat eduki.
Gaur egungo haurretan nabaritzen da euskal erreferenteen gabezia?
Gu nahiko giro euskaldunean bizi gara, eta gure haurren erreferente nagusiak Pirritx eta Porrotx dira momentuz, baina egia da Frozen eta horrelako ekoizpen handiak ere oso presente dituztela. Horren harira, Gabonetan iritzi artikulu bat idatzi nuen Berria-n, eta kontatu nuen nola alabak behin galdetu zidan ea Frozen-eko Elsak ez zekien euskaraz. Nik esan nion baietz, Elsa magikoa zela eta hizkuntza guztiak zekizkiela, eta berak erantzun zidan ezetz, soilik ingelesez eta gaztelaniaz zekiela, Youtuben eta telebistan jartzen genuenean soilik bi hizkuntza horietan hitz egiten agertzen zelako. Horrek pentsamendu arriskutsu bat sortu dezake haurrengan: euskaraz bizitzeak muga batzuk dituela.
Legebiltzarreko agerraldiak emaitza onak izango dituela uste duzue?
Pozik gaude, interesa piztu delako eta arazoa mahai gainean jarri dugulako; hurrengo pausoa erakundeei dagokie. Arazoa aintzat hartu dute alderdi guztiek; PPkoek ere esan zuen eskaera logikoa iruditzen zitzaiela.
Hainbat bide planteatu ditugu. Bide bat katalanena izango litzateke, hau da, zuzenean Disneyrekin negoziatzea. Hainbat eragilek 30.000 sinadura baino gehiago bildu ondoren, Kataluniako Gobernuak Disneyrekin negoziatu zuen, eta 2013tik Disneyren menpe daude ekoiztetxe guztien estreinaldiak katalanez bikoiztuta proiektatzen dituzte zinemetan. Horretaz gain, azarotik Disney Plus plataforma ere katalanez dago.