Emakumeen borroka historikoa omentzeko hormairudia egin dute Pasealeku Berrian
Amnesty International eta Kolore Guztiak elkarteek 34 metro luzeko hormairudia egin dute Pasealeku Berrian, Martxoaren 8a ospatzeko. Elkarteek “historian emakumeek egindako borroka” omendu nahi izan dute hormairudi honekin, eta ilargia erabili dute borroka hori islatzeko sinbolo gisa. “Gaur, Martxoak 8, emakumearen eguna da, aldarrikapenez betetako eguna. Emakumeen indarra eta garrantzia erakusteko eguna da, eta gaur ere hori egin nahi dugu, beste era batera, baina betiko indar eta kemenarekin. Nahiz eta pandemia garaian bizi, gure ahotsa era batera edo bestera altxatuko dugu”, adierazi dute hormairudiaren aurkezpenean.
Bestalde, Amnistey International elkarteak adierazi du Espainiako Estatuan aurrera egiten ari den Askatasun Sexualaren Bermaketarako Legearen Aurreproiektua ondo ikusten duela, adin guztietako emakumeen aurkako biolentzia sexualei “integralki aurre egiteko aukera” emango duelako lege berriak, onartzen bada.
Ilargiaren garrantzia
Azaroaren 25aren harira (Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna) egin zuten hormairudiaren ondoan egin dute gaur amaitu dutena: “Koldobikak natura asko maite du, eta emakumeen borroka konstantea denez eta itsasoaren ondoan gaudenez, ilargiaren zikloak irudikatzen ditu hormairudiak, baita mareengan duten eragina ere. Ilargiak eta mareak konstantziarekin dute lotura, egunero gertatzen dira eta gertatzen jarraituko dute. Ilargiak konstantzia irudikatzen du, eta mareak zikloak.”