Feminismoaren aldeko aldarria egin dute milaka lagunek Donostiako kaleetan
![Milaka lagun batu dira Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioan. (Argazkia: Jon Xabier Zabala)](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/03/martxoak-8-5.jpg)
Pandemiak baldintzatu badu ere, milaka lagunek parte hartu dute gaur arratsaldean Donostiako kaleak bete dituen manifestazio feministan. Feminismotik dena aldatu, sistema arrazista arrakalatu lelopean atera dira manifestariak Antiguako tuneletik, eta Bulebarreraino, hiriko kaleek kolore morea izan dute, Gora borroka feminista! oihu artean. “Emakumeok askotariko zapalkuntzak jasaten ditugu eta, horregatik, ez dugu atseden hartuko emakume guztiok gure eskubideen jabe izan arte”, aldarrikatu dute Donostiako Asanblada Feministako kideek. Manifestazioa hasi aurretik hainbat zutabe osatu dituzte auzoetan denetariko eragileek: Emakumeen Etxeak, Groseko asanblada feministak, Intziri neska* gazteen taldeak eta Itaia antolakundeak, esaterako. Erdialdea zeharkatu ostean, Bulebarreko kioskoan manifestua irakurri dute zenbait kidek, eta elkar txalotuz eta borroka feministaren aldeko aldarriak oihukatuz bukatutzat eman dute manifestazioa.
Pandemiak baldintzatu du manifestazioa, baina une oro segurtasun distantziak bermatu dira manifestari guztien artean, eta jendetza bildu da. Manifestazioaren hasiera Easo kalean sartzen ari zela, oraindik bazen jendea Antiguako tunelean.
“Bizitzaren zaintza, bizitza mota guztiarena, erdigunean jarriko duen gizarte antolaketa bat” beharrezkoa dela aldarrikatu dute Donostiako Asanblada Feministako kideek. Izan ere, “sistema kapitalista, kolonialista, arrazista eta heteropatriarkala” jasangarria ez dela esan dute; are, sistema “biozida” bat dela salatu dute.
“Botere harreman heteropatriarkalek eremu pribatura mugatzen dituzte zaintzak, etxeko esparrura. Hor, emakumeok jarraitzen dugu zaintza lan gehienaz arduratzen”, salatu dute, eta COVID-19ak egoera okertu duela adierazi dute: “Egoera berez jasanezin horretan, COVID-19aren pandemia agertu da: emakumeongan eragin handiagoa du, eta emakumeon zama oraindik gehiago handitzen du”. Sistema arrazistak zapalkuntza horretan rol garrantzitsua duela ere salatu dute: “Zaintzaren egiturazko krisi honetan, nola konpontzen da auzia zurien etxean? Egitura arrazista eta kolonialak ematen digun pribilegio zuria eta hierarkia gorena erabiliz; bestela esanda, emakume migratu eta arrazializatuak esplotatuz. Zaintza sistema publiko unibertsalik ez izateak betikotu egiten du nazioz gaindiko zaintza katea”.
Itxialdiak indarkeria matxista areago sufritzea eragin duela ere salatu dute, baita “errepresio heteronormatiboaren biktima” gehiago izatea ere. “Arrazakeria instituzionala”, “poliziaren errepresioa”, etxegabetzeak eta emakume erretiratuen egoera ere salatu dituzte. Ondokoa exijitu diote administrazioari: “Zaintza sistema publikoa, zaintzaileen eta zaintzen dituzten pertsonen duintasuna oinarri izango duena. Horretarako, funtsezkoa da Atzerritarren Legea desagerraraztea, hainbat aldiz esan dugun bezala, esklabismo egoerak sortzen baititu XXI. mendean”.
Amaitzeko, “zaintza lanak birbanatzea eta sozialki eta ekonomikoki aitortzea” eskatu dute feministek: “Feminismoetatik diogu ez gaudela salgai, ez dugula betikotu nahi sistema bat, zeinetan emakume batzuek beste batzuen kristalezko sabaiaren puskak garbituko dituzten”.
“Gora borroka feminista eta antiarrazista!” oihukatuz amaitu dute Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa.