Hemezortzi Goya sari, Zinemaldian aurkeztutako zortzi filmen artean
![jone laspiur goya](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/03/jone-laspiur-goya.jpg)
Zinemaldiak, beste behin, punteria ona izan zuen bere pantailetan proiektatuko zituzten filmekin, jaialdiak aurkeztutako zortzi izan baitira sarituak: guztira, hemezortzi sari eskuratu dituzte. Adierazgarria da Akelarre (Pablo Aguero) eta Ane (David Perez Sañudo) filmek lortutako aitorpena, zortzi sari irabazi baitituzte bien artean.
Hain zuzen, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Akelarre, eta bost Goya sari eskuratu ditu: jatorrizko musika (Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi), zuzendaritza artistikoa (Mikel Serrano), efektu bereziak (Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio), jantzien diseinua (Nerea Torrijos) eta makillajea eta ile apainketa (Beatushka Wojtowicz eta Ricardo Molina). Ane-ri dagokionez, Zinemaldiko New Directors sailean lehiatu zen –baita Euskal zinemaren saria jaso ere–, eta hiru Goya sari irabazi ditu: emakumezko aktore protagonista onenarena (Patricia Lopez Arnaiz), aktore berri onenarena (Jone Laspiur) eta egokitutako gidoi onenarena (David Perez Sañudo eta Marina Pares Pulido).
Horretaz gain, Fernando Truebaren El olvido que seremos filmak Iberoamerikako film onenaren saria lortu du, The Father (Florian Zeller) obrak Europako film onenaren saria irabazi du, Cesc Gayren Sentimental filmak antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria (Alberto San Juan) jaso du eta Victor Monigotek eta Eduardo Gondellek zuzendutako La gallina turuleca lanak animaziozko film onenarena eskuratu du.
Bestalde, Made in Spain sailean aurkeztutako Las niñas filma irabazle nagusia izan da Goya sarietan. Guztira, lau irabazi ditu: film onenarena, zuzendari berri onenarena eta jatorrizko gidoi onenarena eta argazki zuzendari onenarena; lehen aldiz, emakume batek sari hori irabazi du. Era berean, La boda de Rosa filmak Made in Spain sailean ere parte hartu zuen, eta Goya sarietan antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren saria (Nathalie Poza) eta jatorrizko abesti onenaren saria (Rozalen) jaso ditu.