«Aurrez ikusitakoaren oso ezberdina da»
Lanbidez medikua da Idurre Labaka (Donostia, 1987); Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen medikuntza, baina txikitatik mendiarekin zerikusia duen guztia gustatzen zaio. Joan den urtean Antartikara joateko aukera suertatu zitzaion, base zientifiko batean lan egiteko, eta ez zuen asko pentsatu behar izan abentura horretan murgiltzeko.
Duela gutxi Antartikan egon zinen. Zer dela eta?
Lanagatik egon nintzen. Antartikara joateko aukera suertatu zitzaidan nire lanpostuagatik. Duela urte batzuk Kataluniako Pirinioetara etorri nintzen errotazio bat egitera, eta hemen ezagutu nuen medikuetako bat Antartikan egon zen duela hamar edo hamabost urte mediku moduan. Behin, hango istoriotxo bat kontatu zidan, eta haluzinatu egin nuen. ‘Nola Antartikan?’, pentsatu nuen, eta hango base zientifiko batean beti mediku batek egon behar duela esan zidan.
Noizbait joateko gogorik izango nuen ala ez galdetu zidan, eta bi aldiz pentsatu gabe baietz esan nion.
Zein da zure ibilbidea medikuntzan?
Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nuen medikuntza, Leioan, eta gero Donostian egin nituen karreraren bigarren zatia eta espezialitatea, familia medikuntza. Espezialitate hori lau urtekoa da, eta hilabete batez Puigcerdara etorri nintzen, Kataluniako aurrepirinioan dagoen herri txiki batera. Hilabeteko errotazioa egin nuen hemen, bai ospitalean eta baita eski estazioko osasun zerbitzuan ere.
Mendizalea zara, ezta?
Bai, txikitan gurasoek mendira eramaten ninduten igandetan; hasieran gogo gabe joaten ginen, eta maldan gora geundela beti kexu ginen, baina urteak pasata, gustua hartu nion eta eskalatzen hasi nintzen. Mendi giroan ere lagunak egiten dituzu, eta orain nire denbora libre guztia mendian pasatzen saiatzen naiz.
Antartikara zergatik joan zinen, afizioagatik edo ofizioagatik?
Ba ez dakit zer esan. Ofizioa erabili nuen hara joateko baliabide moduan. Baina medikuntzagatik motibatuta ez nintzen joan, hori ziur daukat, lan gutxi baitago bertan.
Lanera nindoanez, mendi irteerak ez dira gehiegi egiten, baina aukera batzuk badaude, eta denak aprobetxatu nituen. Ezagutzen ez nuen leku bat ezagutzera joan nintzen, oso eskura ez dagoen leku bat baita, eta aurrez ikusitakoaren oso ezberdina.
Zertara joan zinen, ikertzera edo mediku lanean aritzera?
Antartikan bi base ditu Espainiako Estatuak: zibila eta militarra, baina bietan ikerketa zientifikoak egiten dituzte. Ni base zibilean egon nintzen, Livingstone izeneko uhartean, eta nire lana bertara ikertzera doazen zientzialarien medikua izatea zen.
Zientzialariek ordu asko ematen dituzte ikertzen, eta horretan zentratu daitezen talde tekniko bat dago atzean: sukaldariak, informatikariak, teknikariak, elektrizistak eta medikua: ni. Prebentziozkoa da nire lana: kolpeak, oinetako babak eta erredurak izaten dira lesio ohikoenak.
Mediku kontuez ikertu duzu bertan?
Berez ez, baina aurten bigarren aldia zen hara nindoala, eta aprobetxatu nuen proiektu txiki bat egiteko. Hala ere, azkenean ez dugu emaitzarik lortu honekin.
Kanpaina normal bat abendutik apirilera izaten da, bost edo sei hilabeteren bueltan. Aurten laburragoa izan da, osasun larrialdia dela eta, lehenago itzuli behar izan behar baitugu.
Nire proiektua bertan jendeak duen dieta mota aztertzea zen, pisuarekin eta masa muskularrarekin zer pasatzen den ikusteko. Zerbait egin dugu, baina datu asko ere ez ditugu lortu, egonaldia laburragoa izan delako.
Noiz joan zinen lehenengoz?
Iaz joan nintzen lehenengoz, urtarriletik martxoaren amaierara arte.
Antzeko abenturarik izan duzu lehenago?
Bidaiatzea betidanik gustatu izan zait, baina halakorik ez dut egin. Duela urte batzuk Nepalera joan nintzen, taldetxo bateko mediku gisa.
Lan asko zenuten Antartikan?
Mediku kontu asko ere ez zeuden. Zauriak, eztarriko minak eta giharretako minak izaten dira ohikoenak, eta tarteka norbaitek zerbait larriagoa izaten du, gihar haustura bat esaterako. Hala ere, orokorrean ez dugu lan karga handirik. Hara joaten den medikua izaten da bertan dagoen osasun langile bakarra, eta erizain, psikologo eta haginlari lanak egin behar izaten ditugu.
Joan den urtean, adibidez, teknikari bati hortz baten zorroa erori zitzaion, eta berria jarri behar izan nion; karreran ez gaituzte halakoak egiteko prestatzen. Hala ere, joan den urtean Antartikara joan aurretik bertan egondako mediku batekin hitz egin nuen, eta esperientzia kontatu zidan, eta bertara joan aurretik nire betiko haginlariari gauza arruntak nola egiten diren galdetu nion, eta oinarrizko gauzak jakinda joan nintzen.
Nolakoa izaten da zure ohiko urtea?
Udan, normalean, Donostia inguruan izaten naiz lanean, larrialdietan edo anbulantzietan. Gero, neguan, Pirinioetara joaten naiz lanera, Masella eski estaziora eta ospitale txiki batera.
Zer nabarmenduko zenuke Antartikaz?
Gure basea iparraldeko irla batean dago, Hego polotik kanpo, baina hala ere ikaragarria da ingurua. Glaziar erraldoiak daude itsasoaren ondoan, eta guztiz isolatuta zaude, zibilizaziotik urrun. Hala ere, erosotasun guztiak genituen: ur beroa, berogailua eta sukaldaria, adibidez, eta lan giroa oso ona zen.
Dena dela, sateliteak funtzionatzeari uzten dionean konturatzen zara zeinen urruti eta bakarrik zauden, eta badakizu zerbait gertatzen bazaizu bakarrik egongo zarela eta ezingo dizula inork entzun.
Beste arazorik izan duzue?
Aurten aldrebesa izan da egoera. Lehen astean tsunami alerta bat izan genuen, eta inguruko irla batean lurrikara bat izan zen, eta beste base batzuk hustu egin behar izan zituzten. Guk ez genuen mugitu behar izan, Espainiako base militarra sumendi batean baitago, eta bertako sismologoek esan ziguten ez genuela arriskurik.