Biodibertsitatearen ordua, geratzen zaigun berdea babesteko unea
Espezieen galera etengabea gelditu behar dugu. Horretarako, geratzen zaizkigun eremu naturalak babestu ez ezik, haien arteko korridore berdeak ere sortu beharko genituzke. Donostiak gerriko berde-urdina bultzatu behar du. Ospa dezagun biodibertsitatea hura kontserbatzeko ardura hartuta.

Bihar, maiatzaren 22arekin munduan ospatzen da Biodibertsitatearen Eguna. Gu horren parte gara, eta hura gabe izaterik ez genuke. Ahaztu zaigula ematen du, ordea, eta gutaz aparteko zerbait balitz bezala jokatzen dugu, ezinbestekoa izango ez balitz bezala. Espezie eta forma anitzen galera etengabeak penarako bidera garamatzaten honetan, bizitza aldarrikatu nahi genuke, eta zergatik ez, ospatu. Ospatu, oraindik joera aldatzeko aukera dugulako; ospatu, oraindik bizidun anitz asko geratzen direlako eta inguruan ditugulako; baina batez ere ospatu, hari esker bizitzaz gozatu dezakegulako. Gurekin ospatu nahi?
Duela 20 urte luze, hegoaldeko zuhaitz-igela, Igeldokoa, bere gogoaren kontra famatu zen: dBus Donostiako autobus konpainiako logoa eta Gipuzkoa Basket saskibaloi taldeko maskota bihurtu zen. Galzorian zegoen populazioa desagertzeko arrisku bizian izan zen, haren ugaltoki nagusia bota behar zelako: Igarako Gurelesako urtegia. Epaitegira jo behar izan genuen, eta asko borrokatu, baina horri esker Euskadin mehatxaturiko espezieen arteko lehendabiziko kudeaketa plana abiarazi genuen, eta geroztik hogeitik gora putzu eratu dira Mendizorrotzen igeltxoari laguntzeko.
Luxu bat da kostaldean eta Donostia inguratzen duten mendietan bereziak edota urriak diren espezie babestuak izatea. Belatz handia, ubarroi mottoduna eta erroia Ulian eta Igeldon ditugu, eta ohorea da Gipuzkoako kaio beltzaren bikote bakarra azken urteetan Santa Klara uhartean eta aurten Ulian izatea. Kostaldera ere sai arrea sartu zaigu estreinakoz Euskadi osoan eta itsas labarretan ere Armeria euscadiensis landare ederraren aleak izatea harro egoteko modukoa da.
Urumea dugu altxorra, iturburuetatik hasita. Hor dugu Artikutza, harribitxirik aipagarriena beharbada, baina ez bakarra. Ibaiaren arroan mehatxaturik dauden izokinaren edo aingiraren moduko arrainak, igarabaren, bisoiaren edo ipurtatsaren moduko ugaztunak ditugu, eta berriki topatu diren uhandre piriniotarraren populazioak. Esanguratsuena, ordea, elefante baten moduko tronpa duen ur-satorra edo muturluzea dugu, eboluzioaren zaharkin bizia.
Saguzarren inguruan ezer gutxi dakigu, baina Añorgako kobazuloetan mehatxatuenak behatuak izan dira eta bertako basoetako zuhaitz zaharretan espezie oso interesgarriak topa daitezke. Adineko enbor horietan ere babesturik dauden intsektu ikusgarriak bizi dira, kaprikornio handia edo ekainean Urgullen eta Kristina Enea inguruan ikusi ahal izango dugun arkanbelea, kasurako. Biak ala biak kakarraldo egurzaleak.
Habitatetan aipagarriena behar bada landazabala da, basotxo, hesi bizi eta zelaiez osaturiko mosaikoa. Horregatik da hain aberatsa espezieetan, baina zoritxarrez, gero eta eskasagoa. Antondegi da horren erakusgarri, bertan behatu baitira hegazti espezie andana; Donostiako ingururik aberatsena da. Han ibiltzen dira hain mehatxaturik dauden miru gorriak, eta miru beltzak han kumatzen du. 112 hegazti ezberdin behatu dira, 30tik gora zorrozki babestuta daudenak. Ez dira gutxi ere han topaturiko ugaztunak. Kasualitatea ote?
Mehatxuak
Urtetan espezie ugarik jazarpena jasan dute, eta zuzenean akabatu ditugu harrapaketa zela medio. Kutsadurak, ibaietan bereziki, eragin handia izan zuen hango bizidunetan, asko kinka larrian jarriz. Orain lurraren okupazioa eta artifizializazioa dira mehatxu nagusiak. Espezieek bizitzeko duten oinarria bera suntsituz gero, aurrera segitzerik ez dute izango beste bizilekurik topatu ezean, eta hori, maiz, ezinezkoa ez bada zaila bezain garesti gerta dakieke.
Donostia zabaltzen joan den heinean biodibertsitatea itsas labarretan, ibar basoetan eta hiri inguruko muinotxoetan pilatu zaigula dirudi, baina gelditu dena baino ez da. Oraindik herrigunean dauden parke eta berdeguneek bizitza ugari gordetzen dute eta hura zaintzea zein haien arteko komunikazioa hobetzea dira gure erronkak. Planeamendu tresnek diote lurzoruaren okupazioa gelditu behar dela eta haztekotan hiriak barrurantz egin behar duela. Inguru honetan Belartza gainan eraiki nahi duten industrialdeak eta Antondegiko olatuen faktoriak ez lukete tokirik izan behar. Sobran daude eta biodibertsitateari mehatxu egiten diote.
Nazio Batuen Ingurumenerako Programak bultzatuta, Europako Batasunak bere egin du Biodibertsitatea Eusteko eta Berreskuratzeko 2021-2030 Estrategia. Gutxienez lurraldearen %30 babestearen eta kaltetutako eremuen berreskuratzearen aldeko apustu garbia egiten du. Lurraren artifizializazioa eten egin behar dugu eta kontrako joera bultzatu, eremu naturalak lehengoratuz eta berreskuratuz. Donostiak zer egingo du? Aukera paregabea eskaintzen zaio dituen balio naturalak kontserbatzeko, biztanleen bizi-kalitatea hobetuz.