"Erakutsi dugu eskrima txapelketarako kirola ere badela"
Joan den asteburuan Euskadiko Eskrima Txapelketa irabazi zuen Marijo Padurak (Donostia, 1965), eta ekainaren amaierako Espainiako Txapelketa du orain helburu. 2001. urtean hasi zen Padura eskriman, besteak beste, Igor Otaegik (Madril, 1970) Fortuna Kirol Elkartearekin batera bultzatutako udako ikastaro batzuei esker.
Noiz hasi zineten Fortuna Kirol Elkartean eskrimarekin?
Igor Otaegi (I.O.): 1994. urtean hasi ginen, udako ikastaro batzuekin. Hala ibili ginen hurrengo urteetan, eta jendeari asko gustatu zitzaionez, urte osoan zehar egin nahi zutela esan ziguten.
Nik ezin nuen kurtsoan zehar irakasle izan, beste talde batzuk nituelako Madrilen, baina pertsona batzuk prestatu nituen urte osoan zehar begirale izateko. 2000. urtean Donostiara etorri nintzen Fortuna Kirol Elkartearen eskrima sekzioa hartzera, eta 2001. urtean hasi zen Marijo gurekin.
Marijo Padura (M.P.): 36 urte nituela hasi nintzen eskrima egiten, 2001. urtean. Beste kirol batzuk egiten nituen, baina betidanik egiten zitzaidan eskrima deigarria; hala ere, garai horretan pentsaezina zen Donostian eskrima egitea. Uda batean ikastaro bat egin nuen probatzeko, eta ordutik hemen nabil. Maisuak nigan konfiantza zuen, eta sei hilabete eskas neramatzala eraman ninduen nire lehen txapelketara, eta txapelketak liluratu egin ninduen.
I.O.: Eskrima, gainera, adin guztientzako kirola da. 5 urteko ume bat hasi daiteke, 14 urteko gazte bat edo 50 urteko pertsona bat.
Zu Fortunako eskrima sekzioaren burua zara, ezta, Igor?
I.O.: Bai, hala da, sekzioaren burua eta eskrima maisua naiz.
Zer dela eta uste duzue iraun duela orain arte kirol honek zuen taldean?
I.O.: Probatzera etortzen zen jende askori gustatu egin zitzaion kirola, eta gehiago eskatzen hasi ziren. Hau dela eta, irailetik ekainerako ikastaroak egiten hasi ginen kirol-patronatuarekin batera, eta ondo joan ziren; orain, adibidez, klubaren eta ikastaroen artean 120 pertsona baino gehiago gaude. Uste dut hori izan dela gakoa, probatzera etorri den jende askori gure kirola gustatu egin ziola eta jarraitzeko asmoa izan dutela.
M.P.: Udan egin izan ditugun erakustaldiak ere garrantzitsuak izan direla uste dut. Aste Nagusian jendeari erakusten genion zer den eskrima, eta emanaldiak egiten genituen. Jende asko etortzen zen gure kirola nolakoa den ikustera.
I.O.: Bestalde, promozioak ere egiten ditugu kirola bultzatzeko; atzo, adibidez, emakume talde bat izan genuen kirola probatzen, kirolaren bitartez emakumeen ahulduntzea lantzeko. Hegalak kirol eta osasun zentroarekin ere egin izan ditugu hainbat jarduera.
Kiroletik harago doan lana ere egiten duzue orduan.
I.O.: Bai, guztiz. Elbarrituentzat eskaintza dugu, baita Downen Sindromea duten pertsonentzat ere. Izan ere, pertsona guztientzako kirola da eskrima.
M.P.: Aisialdirako kirola izateaz gain, txapelketarako eta errendimendurako kirola ere badela erakutsi dugu: nazioarteko txapelketetara joan gara, eta gure taldea ezagutarazten lagundu digu.
Zenbat kirolari dituzue eskriman?
I.O.: 120 pertsona inguru daude orain. Taldearen eskrima sekzioan 60 pertsonatik gora daude, eta bestelako ikastaroetan parte hartzen duten pertsonak ere 60 inguru dira.
Bestalde, Irunen ere taldea sortu dugu Gipuzkoako Eskrima Federazioarekin batera, Gladius izenekoa, eta hogei pertsona inguru daude bertan. Izan ere, Donostian gure kirola indartzeaz gain, Gipuzkoako bestelako herrietara ere zabaldu nahi dugu, talde gehiago eta kirolari gehiago egon daitezen.
Euskal Herriko eskriman erreferente zarete, Euskadiko Txapelketan ikusi da.
I.O.: Bai, hala da. Izan ere, nahiz eta Fortunan gure espezialitatea sable modalitatea izan, ezpata ere lantzen ari gara, eta oran modalitate honen Euskadiko txapeldunak Fortunakoak dira. Arabako eta Bizkaiko kluben arma nagusia da ezpata, eta azken urteetan modalitate honetan ere gailentzen ari gara. Hori bai, emakumeak falta zaizkigu ezpatan, gutxi daude.
M.P.: Ezpata hazten ari da; gu beti ibili gara sablearekin, eta uste dut ni hasi naizenean arma bakarra zela. Niri asko gustatu zitzaidan sablea, eta txapelketaren batean probatu izan dut ezpata, baina oso teknika ezberdina du, ikutuak eta estrategia batez ere. Sablean zure teknika baduzu, ez da erraza ezpatara moldatzea, baina posible da.
Zenbat arma daude eskriman?
M.P.: Hiru arma daude: sablea, ezpata eta floretea. Hala ere, Fortunan sablea eta ezpata lantzen ditugu bakarrik.
I.O.: Sablearekin xafla guztiarekin ukitu daiteke aurkaria, gerritik gora. Ezpata eta floretea, berriz, puntarekin jo behar den modalitateak dira; ezpatakada ematea, azken finean. Ezpatan, oinetatik burura ikutu dezakezu aurkaria, baina floretean gorputz enborrean ikutu dezakezu bakarrik, aurrean eta atzean. Azken hau teknikoena da, baina sablea da ikusgarriena.
Zer dela eta uste duzue zaretela nagusi?
I.O.: Denbora asko daramagu honetan, eta laguntza asko jaso dugu Gipuzkoako Foru Aldunditik: alde batetik, eskoletan ikastaroak emateko, eta bestetik, teknifikazio maila handiagoa lortzeko.
Zer helburu dituzue eskrimarekin Fortunan?
I.O.: Lehenik eta behin, promozioa eta sarbidea: jendeak eskrima probatu ahal izatea. Hortik aurrera, eskrima gustatzen zaion jendeari hobetzeko tresnak ematea eta txapelketetan ondo ibiltzea. Marijo honen erakusgarria da, eta espero dugu munduko txapelduna izatea bere kategorian.
Zein kategoriatan zaude, bada?
M.P.: Beterano mailan nago, 50 eta 59 urte artean. Oraindik ez dakigu aurten Munduko Txapelketa egingo den ala ez, baina normalean urrian izaten da. Munduko Txapelketan beterano maila 50 urtetik gora da, eta Europakoan, berriz, 40tik gora. Munduko Txapelketa urtero egiten da, eta Europakoa urte batean bakarkakoa eta hurrengoan taldekakoa.
Zein da nazioartean lortu duzun emaitza onena?
M.P.: Munduko Txapelketan zilarrezko domina bat eta brontzezko bi irabazi ditut beterano mailan, eta Europako Txapelketetan ere beste domina batzuk irabazi ditut, baina urrezkoa falta zait bietan. Saiatzen jarraituko dut, gorputzak irauten duen arte.
I.O.: Entrenatzeko makina bat da, lortuko du.
Eta zuk, Marijo, zer helburu dituzu eskriman?
M.P.: Ekainaren amaieran dugu Espainiako Txapelketa, eta joan den urtean lortu nuen titulua berretsi nahi dut. Hurrengoa Munduko Txapelketa izango litzateke, baina egingo den ala ez jakiteko zain gaude.
Beti lehiatu zara beterano mailan?
M.P.: Absolutu mailan Estatuko txapelketetan bakarrik aritu naiz, eta nazioartean beti aritu naiz beterano mailan. Izan ere, absolutu mailan gazteagoak dira aurkariak, eta txapelketa askoz gogorragoa da. Aurkariak etengabe daude entrenatzen eta teknika lantzen.
Hala ere, neska gazteagoen aurka aritzeak asko laguntzen dit, batez ere beterano mailako nazioarteko txapelketei aurre egiteko.
Azken urteetan absolutu eta beterano mailako txapelketak tartekatzen ibili naiz, baina azken aldian beterano mailan ari naiz zentratzen. Izan ere, absolutu mailan lehiatzeko asko mugitu behar dut, eta bidaia horiek bakoitzak ordaindu behar ditu.