13/13 epaiketa handian lau donostiar epaituko dituzte

Gaur hasiko da 13/13 epaiketa handia Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta presoen eskubideen alde lanean aritutako zortzi euskal herritar epaituko dituzte, tartean lau donostiar. Horren aurrean, manifestazioa egin zuten Donostian herenegun, eta ehunka lagun mobilizatu ziren, aski dela aldarrikatuz, epaiketa politiko hori “erabat anakronikoa” dela salatuz eta euskal jendarteak “elkarbizitza” nahi duela adieraziz.
Auzipetuak Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira, eta Sarriegi, Enparantza, Redondo eta Jauregi dira donostiarrak. Horietako batzuk abokatuak dira. Gainera, Naia Zuriarrainek Guardia Zibilaren eskuetan jasandako torturen berri eman zuen aurreko astean, eta salatu dute auzipetuen aurkako deklarazioetako batzuk “torturapean” lortu zituztela. Operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona atxilotu zituzten. Euren etxeak miatu zituzten, atxilotu egin zituzten eta bost egunez galdekatu zituzten; auzipetuek salatu dutenez, euretako batzuek torturak ere jasan zituzten.
Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi Egiakoak dira, eta gaur, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Tabakalera aurrean, bi auzipetuei babesa helarazteko.