Altzako emakumeak, borrokarako ilusioz
Espainiako II. Errepublikaren garaiak, aurrerapen ugari ekarri zituen emakumeen bizitza sozial zein politikoan. Altzako hainbat emakume taldek, parte hartzeko gogoz, antolatzeari ekin zioten.
Diktaduraren amaierarekin batera, aurrerapen eta aldaketa politiko zein sozialerako bidea ireki zen Espainiako II. Errepublika garaian. Besteak beste, emakumearen gizarte rolak aldaketak jasan zituen, eta emakume asko borrokatu ziren ahots propioa izateko eta berdintasunez jarduteko. Garai horretan, beste leku askotan bezala, Altzan ere, emakume ugari politikoki antolatzen hasi ziren. Altzako Historia Mintegiak garai honetako idatzi batzuk berreskuratu ditu. Borrokarako grina eta ilusioa zutela ikus daiteke guztietan. Agerian geratzen da gizartean parte hartzeko zuten gogoa, arrazoi politiko desberdinak izan arren.
Herrerako garbitzaileak
Txingurri errekaren bazterrean arropak garbitzen zituzten emakumeek, 1931ko ekainaren 20ean, haien izen-abizenekin sinatutako idatzi bat erregistratu zuten Altzako Udalean. Ohar horretan, garbitokian komun bat eraikitzeko eskatzen zioten udalari. Hogei emakumeren sinaduren babesarekin, bi hilabeteko epean eskaera onartu eta exekutatu zen. Garaipen txiki honek garrantzi handia izan zuen garaiko Herrerako garbitzaileentzat.
Emakume errepublikanoen saila
La Voz de Guipuzkoa egunkarian Altzako Zentro Errepublikanoak idatzitako adierazpen bat ere topatu du mintegiak. 1931ko abenduaren 9ko Konstituzioan onartu zen emakumeek politikan parte hartzeko eskubidea. Hogei egun beranduago, La Republica en Alza. A la mujer artikuluaren bidez Altzako emakumeak bazkide zerrendan sartzera gonbidatu zituzten –kuotarik ordaindu gabe– emakumeek haien saila antolatu zezaten.
Altzako Emakume Abertzale Batza
Garai horretan hasi zen Altzako Emakume Abertzale Batzaren berrantolaketa. EAB 1922an sortu zen Bilbon, baina Primo de Riveraren diktadura garaian legez kanpo utzi eta desagertu egin zen. El Dia egunkarian, 1931ko abenduaren 18an, berrantolaketaren lehen berriak ageri dira eta bederatzi hilabete beranduago ehun bazkide baino gehiago zituen erakundeak.
Pikoketako milizianoak
Bestalde, gerraren hasieran, beste bost emakume altzatarrek, armak hartu eta Pikoketako fronteko lehen lerrora joatea erabaki zuten matxinatuen aurrerabidea geldiaraztera. Emakume miliziano hauei gertatutakoari buruzko informaziorik ez dago, baina 1937ko martxoan emakumeak frontetik desmobilizatu zituzten ofizialki, eta osasun eta laguntza zerbitzuetara bidali zituzten.