Sei eguneko kultur egitaraua hasi dute Aieten
Donostiako gainerako auzoetan bezala, ez da jairik izan Aieten, baina kultur egitarau zabala prestatu dute Lantxabe auzo elkarteak, Aieten Euskaraz batzordeak eta Aiete kultur eta kirol elkarteak. Larunbatean hasi zuten sei egunetan banatu duten egitaraua.
Larunbatean, bertso saio batekin hasi zituzten ez-jaiak. Eguraldi onak lagunduta, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga eta Alaia Martin Aiete pasealekuko Jolastokian bertsotan aritu ziren. Gai jartzaile moduan, Manex Mujika Aieteko bertsolaria aritu zen. 70 pertsonarentzako lekua prestatu zuten antolatzaileek, beharrezko neurri eta distantziak errespetatuz eta auzotarrek Jolastokia bete egin zuten.
Antolatzaileen hitzetan, arrakasta handiko ekitaldia izan zen: giro ona sortu zuten bertsolariek eta auzotarrak elkartzeko une aproposa izan zen. Izan ere, pasa den urtean ez zen festarik izan, ezta egitarau xumerik ere ez.
Igandean, ordea, umeentzako egun berezia antolatu zuten: Zurjole akademiarekin batera, zurgintza tailerra egin zuten auzoko haurrek Jolastokian.