Haur eta gazteentzako 'Irabazi arte' telesaila estreinatuko dute Zinemaldian
Sua Enparantza aktore donostiar gazteak egin du 'Irabazi arte' telesaileko pertsonaia nagusiaren rola, Arenerena.

Go!azen telesailaren fenomenoa jarraituz, Pausoka ekoiztetxeak haur eta gazteentzako euskarazko beste telesail bat garatu du ETBrentzat: Irabazi arte. Emakumeen futbola du hizpide Pausokaren ikus-entzunezko proposamenak, eta gaur (hilak 22) egingo dute lehenengo atalaren aurrestreinaldia Viktoria Eugenia antzokian, 69. Zinemaldiko EITB Galan, 19:00etan.
Era berean, telesaila aurkeztu dute goizean Londres hotelean, eta azaldu dute “2022. urtearen hasieran” ikusi ahal izango dela telesaila ETB1 telebista katean. “EITBrentzat oso garrantzitsuak diren gai eta balioak jorratuko ditu telesailak, hala nola, emakumeen kirola, elkartasuna, adiskidetasuna eta ahalduntzea”, nabarmendu dute prentsaurrekoan. Era berean, bereziki haur eta gazteentzako eginda badago ere, Julene Aranburuk, telesailaren sortzaile eta gidoilariak, esan du “adin guztietako pertsonentzako” telesail aproposa dela, “familian ikustekoa”.
Aranburuk kontatu du konfinamenduan hasi zela telesaila idazten, Javier Garcia de Vicuña zuzendariarekin elkarlanean: “Bagenekien zerbait oso polita geneukala esku artean”, adierazi du. Horrez gain, gaineratu du berak txikitan ETB1en halako telesail bat ikusteko aukera izan balu “zalantzarik gabe” ikusiko zukeela.
Arene da telesaileko pertsonaia nagusia, eta Sua Enparantza aktore donostiar gazteak egin du. Esperientzarekin “oso pozik” agertu da Enparantza, eta nabarmendu du garrantzitsua dela halako ikus-entzunezko produktuak egitea, “gazteak kontzientziatzeko”. Hedabide honek Enparantza elkarrizketatu du, egindako lanaren nondik norakoak ezagutzeko:
Jarraian, telesailaren sinopsia: Arene Bartzelonan bizi den futbolari nerabe bat da. Zoritxarrez, ama hil eta familia lur jota geratuko da, eta Peiok, Areneren aitak, jaio zeneko herrira –Euskadira– itzultzea erabakiko du bizitza berri bati ekiteko. Erronka berriak izango ditu Arenek, aitonarekin bizitzera eta lagun berriak egitera ohitu beharko du, amaren galera gainditzen duen bitartean. Baina, batez ere, askoren aurreiritzien aurka jardun beharko da, herriko lehen nesken futbol taldea sortu ahal izateko.