Altza bizia eta koloretsua
Altza Apain arte topaketak egin dituzte azken egunotan. Hainbat artistak Altzako espazio publikoan eta etxebizitza batzuen paretetan esku hartu dute. Astebeteko lanaren ondoren, ikusgai daude Iñaki Martiarena 'Mattin', Alaia Gaztelumendi, Maite Gurrutxaga, Mikel Remak, MrSor2 eta Maite Rosenderen lanak.
Loiolan egin zuten era honetako lehen topaketa, duela bi urte. Loiola Apain izena jarri zioten, eta auzoko hainbat gunetan esku hartu zuten zenbait sortzailek. Arrakasta izan duenez, egitasmo hau beste auzo batzuetara zabaldu du Donostia Kulturak, eta orain, Altzak hartu du lekukoa.
Larratxoko biribilgunean aritu da lanean Maite Rosende ilustratzailea. Horma zabal eta luze bat jantzi du kolore alai eta biziekin. Hori izan da bere erabakia, artearen bidez auzoko toki hau alaitzea eta bizitasuna ematea. Egunerokoan inguru honetan ikusten diren eszenak eta objektuak margotu ditu: “Mugimendu handia dago hemen, zirkulazio handia dago, eta nabaritzen da jende asko dabilela hemendik. Auzoan gertatzen diren gauzak irudikatu ditut horman. Autobusak, jendea, haurrak, semaforoak… “. Azaldu du aurretik ere bazegoela horma irudi bat, hemezortzi urtez izan zela hor, baina oso egoera txarrean zegoela. “Jendeak eskertzen du bizia ematea kaleko paretei, harrera oso ona egin didate. Gustatzen zait jendea horma irudira begira geratzen denean eta objektuak bilatzen hasten denean. Uste dut jolas hori sortzen duela nire lanak”.
Asko gustuko du collage teknika, eta horrela lan egiten du baita ere pinturarekin, koloreekin planoak sortuz. Duela hilabete Zurriolan horma irudi bat egin zuen, eta uste du Larratxon egin duena bigarrena dela. Kartelak, ilustrazioak eta askotariko enkarguak egiten ditu. Denbora guztian gauza desberdinak egitea gustatzen zaio, aldatzea. Horregatik, Rosenderentzat erronka polita izan da Larratxoko espazio hau kolorez janztea. Abenturak eta erronkak gustatzen zaizkio. Arropa diseinatu eta estanpatu, liburuak egin, haurrentzako jokoak.. Edozer sortzeko prest eta gogotsu dago Rosendek.
MrSor2 eta Mikel Remak izan dira Altza Apain topaketetan parte hartu duten beste sortzaileetako batzuk. Kaleko artean eskarmentua dute eta gustura ibili dira lanean. Aitortu dute ez dutela asko gustuko egitasmoaren izena: “Agian hau antolatu dutenentzat apaintzea da, baina gu harago goaz. Gure sortzeko modua da hau, eta guk gure ekarpena egiten dugu. Guk uste dugu kaleko artearen bidez eraldatu daitezkeela hiriguneak. Espero dugu komunitateari zerbait eman ahal izatea”.
MrSor2-k Altzako Arriberriko etxebizitza bateko pareta bat margotu du. Lanean hasi baino lehen pareta ikusi eta haren formari ez ezik eta inguruari ere erreparatzen diola azaldu du. “Horma irudi dotorea izan dadila, eta auzoari zerbait emango dion marrazki bat izan dadila”. Bere horma irudian emakume bat agertzen da pentsakor, goruntz begira, pasaia abstraktu baten gainean. Uste du irudi atsegina izan daitekeela bizilagunentzat: “Plaza honetan auto asko pasatzen dira, estresa eragin dezake zaratak. Jendea hemendik pasatzen denean, edo parke honetan esertzen denean paretari begiratzen badiote… Guri asko enteresatzen zaigu gure piezak nola eragiten duen bizilagunengan”. Kontatu du urte asko eman dituztela espazio publikoan lan egiten, eta beraientzat garrantzitsua dela prozesu hori ikustea, denbora pasa ahala sortzen den erantzuna. “Ni ez naiz hemen bizi, ni hemendik banoa, eta beraiek biziko dira pieza honekin. Beraien bizitzaren parte izatea eta zerbait ona ematea espero dut”.
Mikel Remak-ek Herrera pasealekuko etxe bateko fatxada margotu du. MrSor2ren moduan, grafitiaren mundutik dator. Abstrakzio bat egin du, errepidetik eta inguruko espaloitik pasatzen den jendeak ikus dezan. Pasaiara begira dago horma irudia, eta handik ere ikus daiteke. “Itsasoari egiten dio erreferentzia urdin koloreak, eta formak eraikinera egokitu ditut”, azaldu du.
Horrelako topaketa bat artista askorekin egoteko aukera dela nabarmendu dute bi artistek, eta baita euren kabuz lortzea zailak diren lekuetan margotzeko ere: “Onena hori izaten da. Sortzaileak elkarrekin egotea eta prozesu hau guztia konpartitzea. Egunero bazkaldu dugu elkarrekin auzoan. Giro oso ona izan da; elkar ezagutu eta taldea egiteko aukera polita izan da. Egitasmo kolektiboetan parte hartzea gustuko dugu. Anekdotak kontatuz ondo pasatzen dugu”.
Kalean lan egiten aritu direnez, jendearen erreakzioa ikusi eta iritziak entzun dituzte. “Erreakzioak askotarikoak izaten dira. Eta hori badakigu. Badakigu denei ez zaiela gustatuko, baina arduratik sortzen dugu. Normalean jendea oso ondo portatzen da gurekin. Ikusten dutenean lan eta lan ari garela, ordu eta egun asko ematen ditugula horma irudia egiteko… Langileak garela ikusten dutenean, errespetua digutela nabaritzen dugu”, adierazi dute Remakek eta MrSor2k.
Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak ere parte hartu du egitasmoan. Bere horma irudia Arriberri inguruan dago, MrSor2ren paretatik metro gutxira, auzoko kultur etxearen ondoan. Alaia Gaztelumendi eta Maite Gurrutxagarenak, aldiz, Remaken piezatik gertu daude, hauek ere Pasaiari begira.