Haur eta gazteen buru osasunari buruzko hitzaldiak antolatu ditu Agifesek

Agifesek haurren, nerabeen eta gazteen buru osasunari buruzko hitzaldia antolatu du urriaren 25ean. ‘Haurren eta gazteen buru osasuna. Gainditu gabeko ikasgaia’ izenburupean Donostiako Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egingo da 18:00etatik aurrera, gizarte- eta osasun-arloetako profesionalen parte-hartzearekin eta lehen pertsonan eskainitako testigantzekin.
Aida Díaz Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko psikiatrak gazteei bizitzako emozioak eta zailtasunak ezagutzen eta kudeatzen laguntzeko beharra azpimarratuko du. Nekane Azuabarrena psikologoak Agifesen ‘Zeuk Aukeratu’ esku hartze programa berria aurkeztuko du. Azkenik, Diana Subijana eta Erika Rio ama-alabek beren esperientzia pertsonala partekatuko dituzte.
Saioak 50 lagunentzako edukiera murriztua izango du eta Agifesen Youtubeko kanalaren bidez ere zuzenean emango da.