Udalak Erdialdeko 600 establezimendu bisitatuko ditu euskara sustatzeko
Euskararen erabilera sustatzeko dituen zerbitzu eta diru laguntzen berri emateko, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Erdialdeko 600 establezimendu bisitatuko ditu. Establezimendu bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta, euskararen erabilera areagotzeko dituen aukerak aztertu eta udalak eskaintzen dituen baliabideak erabili eta egitasmoetan parte hartzeko azalpenak emango zaizkie.
“Euskara ikasteko laguntzak ematen ditugu, sektoreko langileentzako euskara ikastaro berezituak antolatzen ditugu euskaltegiekin elkarlanean; errotulazioa euskaraz edo ele bitan egoteagatik laguntzak ematen ditugu; euskara ikasteko lehen urratsak egiteko material espezifikoa eskaintzen dugu; testuen itzulpen eta zuzenketa egiteko doako zerbitzua eskaintzen dugu eta zerbitzuak euskaraz ematen dituzten establezimenduak identifikatzeko egitasmoa ere badugu”, azaldu du Jon Insausti Euskara zinegotziak.
Erdialdeko bezero gehienak gipuzkoarrak dira eta euskara ulertzen dutela nabarmendu du udalak. “Auzo turistikoetako establezimenduetan egiten den gastuaren %87 gipuzkoarrek egiten dute eta gipuzkoarren hiru laurdenak euskara ulertzen du”, adierazi du Insaustik. Datu horiek agerian uzten dute, Euskara zinegotziaren ustez, euskara erabiltzeak onurak besterik ez dizkiola ekartzen establezimendu bati “komunikazioa hobetzen duelako, bezero euskaldunak asebetetzen dituelako eta negozioari balio erantsia ematen diolako. Euskara bertako bezeroak erakartzeko eta harreman estuagoa lortzeko, hau da, fidelizatzeko balio du”.
Pasa den astean hasi ziren Erdialdeko establezimenduak bisitatzen, San Martin merkatutik hasita. Miren Zelaia San Martin merkatuko zuzendariak, garrantzia eman dio Udaleko Euskara Zerbitzuaren egitasmoari. Azaroaren bukaera bitartean, Erdialdeko 600 establezimendu bisitatuko dira. 2022an hiriko beste zenbait auzotako establezimenduak bisitatzea da asmoa.