Ancorak dio "irrigarria eta irrazionala" dela Arte Ederretako lanek geldirik jarraitzeko lau milioi euro ordaindu behar izatea
“Arte Ederren eraikinaren eraispenaren aurka egiteko eta hirigintza kudeaketa askoz jasangarriagoa eta pertsonen benetako beharrei arreta jartzen diena eskatzeko”, manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean Donostian, Ancora Ondarearen Babeserako elkarteak eta beste hainbat eragilek antolatuta. Ostiralean publiko egindako berria oso presente izan zen mobilizazioan, Ancoraren helegite baten ondoren Arte Ederren eraikineko lanak geldiarazi zituen epaitegiak ebatzi baitu lanak geldirik mantentzeko, elkarteak lau milioi euro ordaindu beharko dituela. Ebazpena “irrigarria eta irrazionala” dela salatu zuen Ancorak larunbatean, euren aburuz, “ezinezkoa” delako hamar egunetan diru kopuru hori biltzea. Era berean, gogor kritikatu zuten Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera, “ondarearen babesaren arduradunak” direlako. Eragile hauek hartu zuten parte manifestazioan, besteak beste: Ancora, Bizilagunekin, Erdian Bizi auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi, Amara Bai, Amara Berri Auzo Elkartea, Satorralaia, Ondare, Donostia Defendatuz, Haritzalde, Belartza Gelditu eta Parkea Bizirik.
SADE enpresa da Donostiako zinema areto historikoaren jabea, eta eraikinean hotel bat egiteko asmoa dauka, baita udalaren baimena ere. Ancorak salatu du eraikinaren barrualde guztia eraitsiko dutela, eta soilik fatxada mantenduko dutela. Era berean, manifestazioan garrantzia handia eman zioten ICOMOS monumentuen eta tokien nazioarteko batzordeko presidente Jordi Tresserrasek Eneko Goia alkateari bidalitako gutunari, Arte Ederretako eraikineko proiektuarekin ados ez dagoela jakinarazi baitio. Horrez gain, “atzera bueltarik gabeko galera” izango dela esan dio Tresserrasek alkateari, eta “espekulazioa” salatu du.