Bidebietan, Altzan eta Intxaurrondon eskultura iraunkorrak jartzeko lehiaketa abiatuko du udalak
Berdintasuna sustatzea helburu duen lehiaketa bat abiatuko du Donostiako Udalak. Espazio publikoan emakumeen lana aitortu eta ikusarazteko eskultura iraunkorrak jartzeko lehiaketa publiko bat egingo dute. Zehazki, Bidebietan –Kontadores inguruan–, Altzan –Harria parkearen inguruan– eta Intxaurrondon –Sagastieder plazan– eskultura bana jarriko dute.
Lehiaketara aurkezten diren instalazioek aipatutako helburuarekin lotuta egon behar dute, eta helburu nagusia emakumeen lana goraipatzea izan behar da. Eskultura horiek emakume langileak omenduko dituzte –Bidebietako lantegikoak, Altzako etxekoak eta Intxaurrondoko baserritarrak–, eta errekonozimendu gisa balioko dute inolako errekonozimendu sozialik gabe lan egin duten eta lan egiten duten emakume guztientzat. Horretarako, beharrezkotzat jotzen da eskulturetan emakume baten edo batzuen irudia.
Lizitazio aurrekontua 6.000 eurokoa da bakoitzeko, eta proiektuak aurkezteko epea 30 egunekoa da, lizitazioa Kontratatzailearen Profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.