"Ezinbestekoa da pertsona ezagutzea"
Nekane Ullan osasunaren eta elikaduraren arazoari konponbidea modu ezberdin batean bilatzen saiatzen da bere kontsultan, Comete la Vidan. Lehenik eta behin, pertsona ezagutzea ezinbestekoa dela uste du; izan ere, pertsona bakoitzaren egoera eta bizitza erritmoa ezberdina dela dio, eta dieta edo plan hertsiek hau kontuan hartzen ez dutela nabarmendu du.

Bestelako pertsonez gain, kirolari asko jasotzen ditu Nekane Ullanek Groseko Galtzada Nagusian duen kontsultan. Lan egiteko modu berezia du Ullanek: lehen kontsulta doakoa da, eta pertsona ezagutzea gustatzen zaio. Izan ere, bere esanetan, gaur egun egiten diren dieta asko hertsiegiak edo zurrunegiak dira, eta askotan ez dira pertsonaren bizimodura moldatzen: «Dieta askotan pertsonak bere bizimodua edo erritmoa moldatu behar izaten du elikadura plangintzara, baina egokiena elikadura gure bizimodura moldatzea da», dio.
Bestalde, neurrien eta pisuaren neurketak garrantzitsuak direla uste du, baina ez ezinbestekoak. Hau dela eta, Comete la Vidan hautazkoa da pisua eta neurriak hartzea, Ullanentzat garrantzitsuagoak baitira pertsonaren sentsazioak, baita azken asteetan nola sentitu den ere.
Elikadurarekiko atxikipena
Dietaren malgutasuna ere ezinbestekoa dela uste du Ullanek. Izan ere, dieta zurrun askotan antsietatea sortzen du gogoko ditugun elikagaiak ez jateak, eta horrek momentu batzuetan gehiegi jatea eragiten du. Horrek ondorio okerrago bat duela dio, gehiengoa errudun sentitzen baita: «Erruduntasun horrek gure burua zigortzea dakar, adibidez, hurrengo egunean ez gosalduz, eta elikadurarekiko harreman toxiko horrek aurrera jarraitzen du. Pertsonaren eta elikaduraren arteko harremana bikote harreman batekin alderatzea gustatzen zait. Kontrolean eta malgutasun ezean oinarritutako harreman bat ez da inoiz osasuntsua izango, ez pertsona batekin, ezta elikadurarekin ere», dio.
«Dieta plan bat jarraitzea baino, interesgarriagoa da gure gorputza ezagutzen ikastea eta une bakoitzean behar duguna zer den jakitea; hau dela eta, menuak sortzen erakusten diet kontsultara datozen pertsonei», dio Ullanek.
Eskaintza
Edozein motako elikadura edo bizimodua duten pertsonentzako jarraipenak eta plangintzak egiten ditu Ullanek bere kontsultan.
Kirol Nutrizioan masterra du Ullanek, eta kirolari profesionalei eta amateurrei elikadura egokia garatzen laguntzen die. Bestalde, pertsona beganoei, haurdun daudenei eta pisua galdu nahi duten pertsonei ere laguntzen die elikadura ohitura egokiak garatzen. Kontsulta guztiek ordubete irauten dute, eta online edo presentzialki egiteko aukera dago.