Akusazio partikularrak 2.388 urteko kartzela zigorra eskatu du Kote Cabezudorentzat
Akusazio partikularrak 2.388 urteko kartzela zigorra eskatu du Kote Cabezudo argazkilari donostiarrarentzat, eta hainbat delitu egotzi dizkio, besteak beste, 152 sexu-abusu penetrazioarekin.
Mario Diez abokatuak 17 kalteturen izenean egindako akusazio partikularrak, 194 delitu deskribatu ditu: iruzurra, eraso egitea, haur pornografia egin eta zabaltzea eta pertsonen intimitatea urratzea. Horrez gain, 20 urteko inhabilitazioa eta 13 biktimentzat 1.715.000 euroko kalte-ordainak eskatu ditu.
Akusazioaren arabera, argazkilariak modeloei esaten zien “bere atalik intimoenak ez zirela inoiz ikusiko, eta biluzirik esplizituenak ez zirela inoiz argitaratuko, lan pertsonalak zirelako”. Modeloak behartu eta mehatxatzen zituen material pornografikoa sortzeko. Kasuren batean, nahiz eta modelo batzuek argazkilariari irudi eskubideak erosi, emakumeen argazkiek eta bideoek pornografia webguneetan jarraitzen zuten.
Kasurik larrienetan, modeloei abusuak egin zizkien. Esaterako, 14 urterekin Cabezudorekin lanean hasi zen modelo baten kasua da nabarmenena. Argazkilariak ustez sexu-abusuak egin zizkion 150 aldiz. Bortxaketa batzuk grabatu eta zabaldu egin zituela azaldu du. Hala, akusazioak 14 urte eta hiru hilabeteko espetxealdia eskatu du sexu-abusu bakoitzeko. Gainera, beste bi modelori egindako sexu-abusuak ere salatu ditu eta 8 urte eta erdiko kartzelaldia eskatu du bakoitzarengatik.