Igaran "hamarnaka" anfibio zanpatuta agertu direla salatu du Eguzkik
Eguzki Erakunde Ekologistak salatu duenez, Ibaetako Igara auzunean “hamarnaka” anfibio agertu dira errepidean ibilgailuek zanpatuta aurten ere, eta deitoratu du urtero gertatzen dela gauza bera. Urtero, eta aurten ere, anfibioak zanpatuta agertu ohi dira, izan ere, Ibaetako urmaeletara ugaltzera joaten direnean, ibilgailuek harrapatu egiten dituzte.
“Gipuzkoako Foru Aldunditik edo Donostiako Udaletik hitz egiten dizutenean orokorrean anfibioen garrantziaz, hegoaldeko zuhaitz-igelaz, eta igelaren ez dakit zer kontserbazio motarako Dbusen autobusetako publizitateari buruz, eta esaten dizutenean zein ‘ondo’ kudeatzen duten biodibertsitatea, besterik gabe, gogorarazi hau”, adierazi du Eguzkik. Izan ere, eremu horretatik gertu ibili ohi dira hegoaldeko zuhaitz-igelak. Hala ere, baliteke zanpatuta agertutakoa apo arruntak izatea.
Euskal Herrian arriskuan dagoen espezie bat da hegoaldeko zuhaitz-igela, eta Mendizorrotz inguruan dago gelditzen den populazioetako bat. Horregatik, hain zuzen, Ibaetan urmael bat babestu zen bere garaian, igelek erabiltzeko. Eguzkik Mikel Iturria blogariak Twitter sare sozialean argitaratutako bideo bat erabili du salaketa egiteko, non Iturriak hogei anfibio zanpatu baino gehiago zenbatzen dituen:
Hegoaldeko zuhaitz-igela. Igara, #Donostia gaur bertan. Goizeko 10:30ak aldera
— Mikel Iturria (@iturri) January 1, 2022
CC/ @EguzkiEH @haritzalde @cristina_enea pic.twitter.com/lBKKkrZupQ