Parte Zaharreko gazte bati lau urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote 2020ko abenduko istiluengatik
Gazteari babesa adierazteko, haren absoluzioa eskatzeko eta espetxeratze arriskua salatzeko elkarretaratzea egingo dute Konstituzio plazan, 19:00etan.
Parte Zaharra Aske plataformak salatu duenez, datozen hilabeteotan epaituko duten gazte bati lau urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote. 2020ko abenduan gertatutako istiluen harira. Hain zuzen, 2020ko abenduaren 14an, aurreko egunetan gazteen eta ertzainen arteko istilu batzuk gertatu ostean, gazteek manifestazio jendetsu bat antolatu zuten auzoan, eta, ondoren, istiluak izan ziren berriz: “Manifestazioa bukatu zenean, polizia berriro oldartu zen gazteon aurka eta orduan lehertu ziren istiluak”, salatu du plataformak.
Istilu horietan atxilotu zuten aipatu gaztea, baina plataformak nabarmendu du gaztea ez zela istiluetan parte hartzen ari: “Ez zen inolako liskarretan parte hartzen ari, eta istiluak ematen ari ziren gunetik (Narrika kaletik) kanpo zegoen, Bulebarrean”. Hain zuzen, gaztearen atxiloketa ikusten den bideo bat argitaratu dute sare sozialetan, non ikusten den gaztea ez zegoela istiluak gertatzen ari ziren eremuan:
(4/6) ATXILOKETAREN UNEA:
— Parte Zaharra ASKE (@pz_aske) December 29, 2021
Irudietan ageri den moduan, 4 URTEKO ESPETXE ZIGOR ESKAERAREKIN EPAITUA IZANGO DEN GAZTEA ez zen inolako liskarretan parte hartzen ari eta istiluak ematen ari ziren gunetik (Narrika kaletik) kanpo zegoen Boulebardean.#Absoluzioa#MuntaiPolizialikEZ pic.twitter.com/MBq2K7u3bF
Gaztea desordena publikoak eta autoritatearen aurkako erasoa egotzita epaituko dute. “Muntaia polizial honen bitartez euskal gazteria beldurtu nahi dute, baina guk argi eta ozen diogu ez diogula errepresioari aurre egin eta elkartasuna antolatzeari utziko!”, nabarmendu du plataformak, eta elkarretaratzera deitu du gaurko, hilaren 3rako. Parte Zaharreko Konstituzio plazan izango da mobilizazioa 19:00etan.