Sute bat izan da Zubietako erraustegian
Sute bat izan da gaur goizean, Zubietako erraustegiko hondakin organikoen biometanizazio eremuan. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi duenez, 10:00ak aldera piztu da sua tailerrean egiten ari ziren soldadura lanen ondorioz. Suhiltzaileak sua itzaltzea lortu dute, eta kalte material gutxi izan direla azaldu dute.
GuraSOS elkartearen iritziz, segurtasun arloko “arduragabekeria larri” baten ondorioa izan da. Ohar bidez adierazi duenez, 2021eko urtarrilaren 12an erraustegiko beste sute baten berri eman zuten, eta lehenago ere “ezbehar ugari” izan zirela jakinarazi zuten. Instalazioen segurtasun gabeziak nabarmendu ditu elkarteak eta hiru urtetan gutxienez bederatzi istripu izan direla azaldu du. Besteak beste, hainbat sute eta Arkaitzaerrekako isurketak salatu dituzte.
Horrez gain, azaroaren 23an Zubietako erraustegiko langileek greba mugagabea abiatu zuten lantokian pairatzen duten prekarietatea eta segurtasun eza salatzeko. Elkartearen iritziz, “konponbidea jarri behar zaio beranduegi izan baino lehen”, eta horretarako, “proiektuaren porrota aitortu behar da”, segurtasunaren porrot sistemikoa baita.
Erraustegiaren albotik igaro den herritar batek ondorengo bideoa zabaldu du goizean: