Pakita Etxebeste Herrerako 'Mexikarren Ikastetxeko' irakaslea zendu da
Altzako Historia Mintegiak jakinarazi duenez, Pakita Etxebeste Etxaniz zendu da, Ama Rosa Maria, San Jose Ikastetxe Eukaristikoko irakaslea izandakoa. Askorentzat Mexikarren Ikastetxea izenarekin ezagutzen da ikastetxea.
Pakita 1926ko irailean jaio zen Herreran, eta 1945eko abenduaren 28an Mesedetako Ordenaren San Jose Komentu Eukaristikoan moja sartu zen, ama Rosa Maria izenarekin. 76 urte geroago, 94 urte zituela zendu da data berdinean.
San Jose Ikastetxe Eukaristikoa, Mexikarren Ikastetxea deiturikoa, 8 eta 12 urtera arteko neskatoen babesaz eta hezkuntzaz arduratu zen. Hala, Pakita Pasaiako portuaren inguruan, gerraosteko garaian, pertsona garrantzitsua izan zen. Izan ere, garaiko familiak berrosatzen eta finkatzen saiatzen ari ziren eta ikastetxeko mojek haurrak zaintzeko eta oinarrizko irakaskuntzarekin prestatzeko ardura hartu zuten. Horren ostean, ikasleak La Salle eta Asuncion ikastetxeetara joaten ziren. Trintxerpeko, Bidebietako eta Herrerako hainbat familiak bidali zituzten haurrak bertara.
Altzako Historia Mintegiak azaldu duenez, gerra osteko testuinguruan, garaiko haurrei “tratu alai eta goxoa” eman zieten mojek. Haren ikasleak izandakoek, gaur egun, jasotako irakaskuntza eta tratu baloratzen dituzte. Izan ere, gizartearen premien zerbitzura zegoen ikastetxea zela diote, misio sozial argia baitzuen.