Udalak Urumea ibaiko zaborra kenduko du
Urumea ibaian, Mundaizko eta Maria Kristina zubien artean, hondakin ugari agertu dira egunotan, eta egoera salatu du Eguzki Erakunde Ekologistak. Horren aurrean, Donostiako Udalak iragarri du bere gain hartuko duela ibaiaren garbiketa, nahiz eta ez den bere eskumena. Kostaldeetako Zuzendaritzari edo URA erakundeari dagokie ibaiaren mantentze eta garbiketa lanak egitea, baina udalak hitzarmen bat sinatu zuen URArekin 2011-2015eko legegintzaldian, ibaia garbitzeko ardura bere gain hartzeko. Hitzarmen hori amaitu da dagoeneko, eta, horregatik, udalak beste hitzarmen bat eskatu du, “etorkizuneko arazoak saihesteko”.
Miguel Angel Diez Hiri Mantentzeko zinegotziak honakoa azaldu du: “Aurrekontu bat eskatu dugu, ibaiaren garbiketa zenbatekoa den jakiteko. Aurrekontu hori itsasontziz eta itsaspeko ekipoz egin beharko da, ikusten diren hondakinak kentzeko. Partida bat bilatu beharko da ekintza horri ekiteko, aurrekontuetan aurreikusita ez zegoena”.
Era berean, gertakaria deitoratu du: “Denok atsekabetu gaituen gertakari bat izan da. Zoritxarrez, ez da ezohikoa ingurumen kontzientziarik gabeko pertsonek ibaian botatzen dituzten hondakinak ikustea, baina orain ikusi daitekeena prezipitazioen eta ur goraldi handien metaketa bat izan daiteke, Urumea ibaiaren meandroaren ondora hondakinak eraman dituena”.
EH Bilduren interpelazioa
Hitzarmenaren harira, EH Bilduren udal taldeak udal gobernua interpelatu du, eta galdetu dio ea zergatik ez duen aipatu hitzarmena 2015etik berritu. Era berean, garbiketari buruzko xehetasunak ere eskatu ditu, baita hitzarmena bertan behera gelditu osteko urteetako isurketak nola garbitu dituzten galdetu ere.