"Argi dago Urumea defentsa beharrean dagoela"

Eguzki talde ekologistak ohar bidez adierazi duenez, azken astean Urumean azaldutako zabor metaketak “instituzioen arduragabekeria” erakutsi du. Donostiako udalak ardura URArena dela esan du eta URAk, berriz udalari dagokiola. Hala ere, Eguzkik eztabaida horretan ez sartzea erabaki du. Izan ere, “konpetentzia kontua baino gaitasun eta ardura eza kontua” direla azaldu du.
“Urumean utzikeria handia dago, baina inork ez du utzikeriaren erantzukizuna bere gain hartu nahi”. Udalak hitzarmen bat sinatu zuen URArekin 2011-2015eko legegintzaldian, ibaia garbitzeko ardura bere gain hartzeko. Hitzaren hori amaitzean, ordea ez zen berritu. Eguzkiren hitzetan, “udalak aspalditik zuen arazoaren berri” eta “ez du ezer egin”. Izan ere, azken uholdeen aurretik hondakin gehienak bertan pilatu zirela azaldu du.
Arazoaren jatorria “gaizki jokatzen duten herritarrak” izan arren, arazoa konpontzeko ardura erakundeena dela uste du taldeak. Urumea Donostiaren parte dela eta lehenbailehen hondakinak atera behar direla nabarmendu du: “Neurriak zorroztu egin behar dira”. Horrez gain, Urumeak 2021. urean hainbat isuri kutsakor jasan dituela gogorarazi du: “Argi dago Urumea defentsa beharrean dagoela”.