Osakidetzaren egoera salatzeko kalera aterako dira sindikatuak hilaren 23an

Osasun arloan gehiengoa osatzen duten Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek kalera ateratzeko deia egin dute. Horrela, hilaren 23an manifestazioak egingo dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan, “lehen mailako arretaren kolapsoa” eta ospitaletako arretaren “gainkarga” salatzeko. Donostiako manifestazioa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.
Sindikatuek prentsaurreko bateratua egin dute gaur goizean Bilbon. Osakidetzaren egoera “sostengaezina” dela berretsi dute. Izan ere, pasa den abenduaren 22an elkarretaratzeak egin zituzten lehen arretako zerbitzua eskaintzen duten osasun zentroetan. “Egoerak okerrera egin du. Langile faltaren ondorioz, Osakidetzak erabaki du, besteak beste, COVID autotestak egitea”, nabarmendu dute.