Azorak Groseko "auzokideen aurkako erasoan aurrerapauso bat" eman duela salatu du Saretxek
Saretxe Groseko etxebizitzaren aldeko sareak Azora putre funtsaren Ategorrietako eraikineko bizilagunen egoeraren okertzea salatu du. Izan ere, Azorak Ategorrietako 43. zenbakian bizi diren bizilagunen aurkako kaleratze agindua ezarri du, eta horrekin batera, 900 euroko isuna ezarri die epaileak.
Horrez gain, eraikinean bizi diren beste familia batzuei alokairuaren %33ko igoera ezarri zaiela gehitu dute, hauek ere kaleratze arriskuan daudela nabarmenduz. Taldearen iritziz, “espekulaziora, eta finean, metatze kapitalistara bideratuta zegoen etxe bati bizitza ematea” izan da haiek egin dutena: “berez, etxe batek eduki beharko lukeen funtzioa betearaztea”.
Epailearen zigorraz gain, Azorak azken hilabeteetan izandako jarrera salatu dute: “Auzokideei aterabiderik eskaini ez eta praktika legalki zalantzagarriak erabiliz zuzendu dira haiengana, bai kontrolerako kamerak ezarriz zein segurtasun pribatuko enpresak kontratatuz”. Hala, prozesua bertan behera uzteko eskatzen diote Azorari, baita bizilagunek euren bizitza orain arte garatu duen bezala garatzeko konponbide bat bilatzeko bide bat irekitzea ere.
“Zorionez jakin badakigu gatazka bat pizten den lekuan erresistentziarako aukerak ere piztu egiten direla”, gehitu du Saretxek: “hor izango gara, auzoko txoko guztiak klase elkartasunez betetzen eta komunitatea indartzen. Ez gaude prest auzokideak auzotik kanpo bizitzera bultzatzen dituztenen aurrean makurtzeko”.