Antiguako Gazte Danborradak 125 urte
1896. urtean sortu zen konpainia Donosti Zarra izenarekin. Geroztik, Antiguako kaleak girotu ditu San Sebastian egunean, eta belaunaldi asko igaro dira bertatik. 2021ean ezin izan zuten urteurrena behar bezala ospatu, eta aurten, horretarako aukera izatea espero dute auzokoek.

Ez dago argi zein urtetan irten zen lehen danborrada Donostiako kaleetara. Jaso diren kroniken arabera, XIX.mendearen hasieran hasi zen. Konpainia zaharrenen artean dago Antiguako danborrada. Gaur egun, Antiguako Gazteen Danborrada gisa ezagutzen dena 1896an sortu zen Antigua auzoan, Donosti Zarra elkartearen eskutik. Union Artesanaren danborradaren ondoren, danborradarik zaharrenetakoa da. Konpainiak elkartetik hartu zuen izena, eta sortu zenetik auzoko gazte ugari erakarri zituen.
36ko gerra piztu zenean, ordea, danborradak eten egin ziren. 1940an berrartu zen festa, baina Gaztelubide eta Union Artesana konpainien parte hartzea besterik ez zen baimendu. Bata urtarrilaren 19ko 23:45ean abiatu zen, eta, bestea, 20ko 07:00etan.
Antiguako konpainia 1943an itzuli zen San Sebastian egunean parte hartzera, eta Tamborrada de Los Luises izena hartu zuen. Urte horretan, Mariano Elola izan zen Danbor Nagusia.
Gerraren osteko urteetan, beste konpainia batzuk sortu ziren, eta aurretik sortutako batzuk berriz antolatu ziren. Gaztelubide eta Union Artesanaz gain, Vasconia, Umore ona eta Kondarrak konpainiak gehitu ziren festara.

1919. urtean egin zen danborradako irudiak. Zuzendaria inguratzen dute
danbor jotzaileek, eta auzokide ugari emanaldia entzuten ari dira.
(Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin)
Danborrada mistoa
Antiguakoa emakumeak onartu zituen bigarren elkartea izan zen, Kresala elkartearen atzetik. Izan ere, hiriko lehen danborrada mistoa 1980an sortu zen, eta, 1983an, Antiguako konpainiak bide bera hartu zuen.
Une horretan, jatorrizko izena berresturatu, eta Donosti Zarra Antiguako Gazte Danborrada bilakatu zen.
Emakumeen parte hartzeak tentsioa sortu zuen elkartearen barruan, eta garaiko kideek azaltzen dutenez, emakumeek diru bilketa egin zuten haien jantziak erosi eta urketari gisa parte hartu ahal izateko. 2007an, berriz, lehen aldiz danborra jo zuten emakumeek, eta 2013an Zuriñe Goenaga izan zen Danbor Nagusia. Gaur egun ere, emakume batek du postua.
15 eta 30 urte bitarteko gazteek hartu izan dute parte danborrada honetan. Egun, 143 pertsonek hartzen dute parte, 74 emakumek eta 69 gizonek. Jantziei dagokionez, ez dituzte gizonezko eta emakumezkoenak bereizten, eta norberak erabaki dezake nola jantzi.
125 urte beranduago, San Sebastian egunean kaleak danbor hotsez betetzen jarraitzen dituzte auzoko gazteek. 07:00etan abiatzen dira Antiguako Elizatik, eta auzoko kaleetatik barrena egiten dute ibilbidea. Itxaron zerrenda izaten da urtero, gaur egun ere, arrakasta handia duen konpainia baita. Pasa den urtean bete zituen 125 urte. Pandemiak, berriz, ez die utzi behar bezala urteurren