Baserritarren jantziak ezagutu nahi al dituzu?
San Tomas eguna izaten da gaur egun Donostian jendea baserritarren jantziekin ikusteko aukera bakarretako bat. San Tomas eguna pasa bada ere, baserritarren jantziak ikusteko eta ezagutzeko aukera dago Tabakaleran.

Gabonan amaitzearekin batera, Tabakalerako Baserritar jantzia erakusketa amaitzera doa. Hain zuzen, asteburu hau izango da erakusketaz gozatzeko azken aukera, astelehenean kenduko baitute, hilaren 10ean.
Abenduaren 5ean inauguratu zuten erakusketa, Ramon Garciak, Iraultza Dantza Taldearen arduradunak, eta Errenteriako Jantziaren Zentroak urteetan zehar egin dituzten jantziekin. Erakusketaren bidez, baserritarrek astegunetan zein asteburuetan erabiltzen zituzten jantziak ezagutzera eman nahi izan ditu Iraultza taldeak.
Izan ere, ikusgai dauden jantzi guztiak benetazko jantzi zaharretatik edo argazkietatik aterako kopiak dira, eta, halaber, garaiko patroiak zorrotz jarraituz egin dituzte.
2017. urtean Iraultza Dantza Taldeak, Errenteriako Udalarekin adostutako lankidetza tarteko, Jantziaren Zentroa sortu zuen. Errenterian XVII. mendeko eraikin batean kokatua, modaren historia azaltzen da bertan jatorrizko jantzien bidez.
Tabakalerako erakusketa 09:00etatik 21:00etara bisitatu daiteke (bihar eta etzi 10:00etatik 21:00etara), eta sarrera doakoa da.