Minbiziaren aurkako elkarteak bizimodu osasungarria sustatzen jarraituko du 2022an

Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak gogotsu hasi du 2022a, eta herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzen jarraitzeko hainbat jarduera iragarri ditu. Berritasun nagusi gisa, ipar martxako ibilaldiak egiteko bi talde berri sortu dituzte: bat astearteetan aterako da ibilaldiak egitera (09:00etan) eta bestea ostiraletan (09:30ean), elkarteak Loiolako Erriberan duen egoitzatik abiatuta.
Horrez gain, astelehenero bost kilometroko ibilaldi osasungarriak egiten jarraituko dute, bizimodu osasungarria sustatzeko helburuarekin. Edonork hartu dezake parte jarduera horretan. Hedabide honek ibilaldi horien inguruko erreportaje bat osatu zuen iazko urrian.
Era berean, erretzeari uzteko terapiak antolatzen jarraituko dute. Tabakismoan aditua den psikologo batek gidatuko ditu terapiak. Zortzi astekoak dira terapiak, doakoak dira eta %60ko arrakasta tasa du. Internet bidez edo modu presentzialena jasotzeko aukera dago, eta arreta ahalik eta gehien pertsonalizatzeko, aldez aurretik elkarrizketa bat egingo dute erretzeari uzteko modurik onena baloratzeko.
Jarduera guztietako plazak mugatuak dira, eta erretzeari uzteko terapian izena emateko epea hilaren 13an itxiko dute. 943-45 77 22 telefonora deituta edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzita eman daiteke izena edozein jardueratan. Bestalde, informazio gehigarria eskuratu daiteke elkartearen webgunean.